Azkoitiko lau udaltzainek diploma jaso dute Arkauten

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 22a, 12:49

Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza-ikastaroa gainditu dutela-eta, euren lantokietan udaltzain lanetan aritu daitezkeela egiaztatzen duten diploma jaso zuten atzo Azkoitian lan egingo duten lau udaltzainek.

 

Ekitaldian Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan zen buru, eta bertan egon zen Javier Zubizarreta alkatea. Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena, Segurtasun saileko hainbat kargudun eta gainerako udaletako alkate eta ordezkariak ere diploma banaketan izan ziren.

Javier Zubizarreta alkateak gizatasuna, errespetua eta osasuna aipatu zituen, elkarbizitzarako eta garapen sozialerako ardatz gisa. «Udaltzaingoaren oinarria kapital humanoa da, pertsonak. Zuek zarete. Kalitatezko zerbitzua emateko prestakuntza teknika eta humanoa ezinbestekoa da. Seguru nago gure kaleetan lan bikaina egingo duzuela», esan zien udaltzainei.

Hitzaldien eta argazkien ostean, erritu bilakatu den «Txapelak gora» entzun orduko denek airera bota zituzten txapelak, ekitaldiak festa kutsua hartuz. Gasteizko, Tolosako, Errenteriako eta Azkoitiko 38 udaltzain berriek zazpi hilabete eraman dituzte prestakuntza ikastaroa egiten Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Derrigorrezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea lanean aritzeko. Azkoitiak 15 udaltzain ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide