Klik Eguna antolatu du Gure Esku Dagok zapaturako

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 22a, 12:58

Datorren zapatuan, maiatzak 26, Klik Eguna antolatu du Azkoitiko Gure Esku Dagok. 11:00etatik 14:00etara bitartean hainbat ekintza izango dira herriko plazan.

 

11:00etatik 14:00etara umeentzako puzgarriak jarriko dituzte plazan, baina txikienentzako eskulanak eta aurpegi margoketa saioa ere izango dira, 11:30etik 12:00etara. Txosna ere jarriko dute plazan, eta bertan pintxoak eta edariak eskatzeko aukera izango da.

12:00etan, muxikoak eta euskal dantzak egingo dituzte, eta 13:00etan bertso saioa izango da. 13:30ean trikitilariak igoko dira oholtzara, eta egunarekin amaitzeko argazkia aterako dute plazan biltzen diren guztiek.

Giza Katerako izen ematea

Ekainaren 10ean izango den Giza Katerako izena emateko mahaia ari dira jartzen Azkoitiko Gure Esku Dagoko kideak. Osteguneko pintxo-potean eta zapatu eguerdietan, eliz atarian ari dira jartzen mahaia. Momentuz, 255 azkoitiarrek eman dute izena Giza Katera joateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide