Esklerosi anizkoitza duen Asier de la Iglesia Azkoitiko bizilagunak GBCrekin jokatuko du igandean

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 18a, 13:35
Asier de la Iglesia aurkezpen egunean. (Argazkia: GBC)

Asier De la Iglesia Azkoitiko bizilagunari duela sei urte diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Halere, saskibaloian jokatzen du eta igandean Endesa Ligan debuta egiteko aukera eman dio Donostiako Delteco Gipuzkoa Basket taldeak. Illunben jokatuko du talde donostiarrak Divina Seguros Juventud talde kataluniarraren aurka, 12:30ean. Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarrarekin batera jokatzeko aukera izan lezake de la Iglesiak igandean.

 

Delteco Gipuzkoa Basketek Asier de la Iglesia hegal-pibot zumarragarra joan den asteazkenean aurkeztu zuen. Esklerosi anizkoitzaren kalteak pairatu arren, ez dio saskibaloian jokatzeari utzi. Ordizian jokatu du orain arte, eta EBA Ligako jokalari onena izendatu dute de la Iglesia. Porfi Fisac Delteco GBC taldeko entrenatzaileak jakinarazi du, de la Iglesia hasierako bostekoan kantxaratuko duela.

Fitxaketarekin, Delteco Gipuzkoa Basket taldeak eta Asier de la Iglesia jokalariak gaitzaren inguruko informazioa zabaldu nahi dute, eta ikerketarako funtsak lortu. Bide batez, gaitzak zoriontasuna ez duela eragozten erakutsi nahi du de la Iglesiak. Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Egunaren —maiatzak 30— atarian Endesa Ligan debuta egiteko aukera izango du Azkoitiko bizilagunak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide