Zapatu honetan izango da Azkoitiko X. Rallysprinta Elosuko bidean

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 18a, 08:41
X. Azkoitiko Rallysprinta antolatu du Errebueltie Eskudeixek.

Bihar izango da Azkoitiko X. Rallysprinta Errebueltie Eskudeixek antolatuta. Aurten, gainera, Elosuko bidetik barrena izango da erlojupeko zatia. Guztira, 51 parte hartzailek eman dute izena, eta horietatik bi gidari dira azkoitiarrak: Iraitz Olariaga eta Mikel Madinabeitia. Zazpi kilometroko ibilbidean, hiru aldiz igaroko dira autoak.

 

Proba Elosuko txatartegiaren parean hasiko da; Aitzerra baserriraino igo, eta, ondoren, masa bidean barrena joango dira. Gero, Aizpurutxotik behera etorriko dira autoak, makal, errepideko baldintza normaletan. Horrela, hiru itzuli egin ondoren, Plaza Berrin amaituko dute lasterketa. 09:30etik 11:30era plazan egongo dira autoak egiaztatzen, eta 13:45era arte plazan aparkatuta egongo dira autoak, herritarren gozamenerako. 13:45ean, banan-banan minuturo irtengo dira autoak plazatik. Eta 14:30ean hasiko da lasterketa Elosuko txatartegian, aipatutako ibilbidea osatzeko. Tartean, Legazpin bizikleta lasterketa bat egongo da, eta, horregatik, lehen eta bigarren erlojupeko zatien artean geldialdi txiki bat egongo da.

Jendea rallya ikustera animatu dute antolatzaileek. Txapelketako faborito denak etorriko dira, gainera. Txapelketa erdia da, 4. proba izango da, eta oraindik ez dago ezer erabakita. Errebueltie Eskudeixek eskerrak eman dizkie bizilagunei eta lasterketako babesleei, tartean, Azkoitiko Udalari.

Bestalde, debekatutako lekuetan eta toki arriskutsuetan ez jartzeko eskatu dute; leku altuetan jartzeko gomendatu dute. Eta antolatzaileek jarritako zintak errespetatu eta bazterrak txukun uzteko ere eskatu dute.

Autoak uzteko, berriz, Ipintzan edo industrialdean aparkatzeko gomendatu dute, irteera lekuan lekurik ez dagoelako. Oinez, bidegorritik, 10 minututan dago irteera puntua. Autoan joan nahi dutenek, berriz, Elosu edo Bergara aldetik igotzeko aukera izango dute, eta errepide ertzean aparkatzeko aukera egongo da, Aitzerrako bidegurutzetik Elosuko bidegurutzeraino. Meta ingurua, masa bidea denez, ez da egongo aparkatzeko aukerarik, beraz, Gorlara igotzeko aukera egongo da, handik Elosuko bidegurutzera jaitsiz. 13:30etik aurrera ezin izango da autoarekin pasatu lasterketa bidetik; oinez ibiltzeko aukera, berriz, 14:15 arte egongo da.

Argazkian, Ion Zubiaurre, Luis Martín, Angel Gurrutxaga eta Iñigo Cuesta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide