Pinhole-zinema sormen tailerra eskainiko dute larunbatean Matadeixen

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 16a, 09:36

Matadero Ekintzak taldeko kideek Pinhole-zinema tailerra antolatu dute, eta norberak bere kasko-kamera eraikitzeko aukera izango du. Zapatu honetan, maiatzak 19, izango da tailerra, 12:00etatik 17:00etara, eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena mataderoekintzak@gmail.com helbidera idatzita, Pinhole gaiarekin.

 

Tailerrak bi zati izango ditu: lehenengo kamera eraiki behar da. Horretarako kartoia izango da material nagusia. Norberak berea egingo du. Kamera ilun baten antzekoa da, baina kasu honetan burua kamera barruan sartu ahalko da, eta begien parean 170 graduko pantaila zuri bat egongo da. “Camara obscura” eta errealitate birtualaren arteko nahasketa moduko bat da. Behean adibidetzat balio duen bideoa:

 

Tailerraren bigarren zatia kaskoak buruan jarri eta aurrez prestatuko duten ibilbide seguru bati ekitean datza. Bidean soinua egiten duten gauzak jarriko dituzte edo norberak gainean irrati txiki bat emango du soinu banda antzeko bat sortuz eta esperientzia aberastuz.

PINHOLE-ZINEMA tailerrarekin batera Instantzine tailerra eskainiko Asier Gogortzak. Camera Obscura baten barnean filma bat sortzeko saioa da Instantzine. Kanpotik sartzen den irudia Camera Obscuraren barnean manipulatuz, partehartzaileek pelikulako fotogramak banaka-banaka sortzen dituzte eta argazki kamera digitalarekin harrapatzen dituzte. Ondotik, animaziozko filmetan bezala, hartutako irudiak bata bertzearen gibeletik abiadura jakin batean jarriz, 3-4 minutuko filma laburra lortuko da. Saioa bukatzean filmaren muntaia bizkor-bizkor egin eta berehala proiektatzeko prest egongo da.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide