Passepartout: «Diskoan ondo moldatzen gara, baina gurea zuzenekoa da»

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 15a, 12:18
Passepartout: Tomas Lizarazu, Ruben Lizarralde, Xabier Arrieta, Jontxu Ape eta Itziar Beitia.

Passepartout taldearen doako kontzertua izango da ostiralean, Baztartxon. Azkoitiko boskoteak Baztartxoko oholtzan aurreneko aldiz emango du kontzertua, eta lekuak «errespetu asko» ematen duela diote. Ez da izango kontzertu akustikoa, baina hainbat moldaketa egin dituzte antzokira egokitzeko. Gainera, hainbat kolaboratzailerekin partekatuko dute oholtza. Hitzordua ostiral honetan, maiatzak 18, izango da 22:30ean.

 

Passepartout taldearen kontzertua bakarrik izango da ostiralean, eta hainbat kolaboratzaile izango dira haiekin oholtzan. Esaterako, Bizkargi abesbatzako gaztetxoek pare bat abestitan parte hartuko dute, eta Ane Lizarralde musikariak abesti batean kolaboratuko du, biolinarekin.

Sinergia disko berriko abestiez gain, kantu zaharrak ere joko dituzte, aurreneko maketakoak eta zuzenekoetan jo dituzten euren kantak. Baztartxorako moldaketa batzuk egin dituzte zenbait abestitan, «giro horretan jotzeko egokiagoak izateko asmoz», baina ez da izango kontzertu akustikoa, azaldu dute taldekideek. Baina, egurra emango dugun kantuak egongo da eta momentu lasaiak ere bai, denetik izango da.

«Jendea eserita egongo da, eta hori guretzat zeharo gauza berria da. Beldur gehiena horrek ematen digu. Ez gaude ohituta zuzenekoetan jendea eserita eta geldik guri entzutera bakarrik ikustera. Modu horretan, beste kontzertuetan jasotzen dugu feedbackik ez dugu izango. Dantzan asko mugitzen badira, esaterako, oholtzatik dena ikusten da. Baina Baztartxon abestien amaierako txaloak bakarrik jasoko ditugu, gehienez. Askoz hobeto prestatuta joan beharra dago horrelako kontzertu batetara. Akats gutxi egin behar dira. Jendea zuri entzuteko bakarrik jarrita baitago eserlekuan. Horrek entsegu ordu gehiago ere eskatu dizkigu. Pixka bat arriskutsua ere bada, baina beti zerbait berria sortu beharra dago», diote musikariek.

Matadeixen lehen ere jota daude, eta han berriz jotzea «erraza» zela diote, han «etxean bezala» sentitzen direlako. «Zerbait berria probatzea nahiago genuen. Taldea sortu genuenetik genuen buruan Baztartxon kontzertu bat ematearena. Gainera, iaz bideoklipa han grabatu genuen, eta orduan ere berotu ginen, baina beti airean gelditzen zen».

Soinua eta argiak eramango dituzte Baztartxora, han dagoen materialaz gain, ekipo bat alokatu dute. Gainera, soinu teknikari «on bat» ere ekarriko dutela jakinarazi dute.

Guztira, ordu eta erdiko kontzertua eskainiko dute. 600 lagun inguru sartzen dira Baztartxon, eta lekuak «errespetu asko» ematen duela diote.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide