Azkoitia Lagunkoiak antolatutako topaketak herritarren iritziak jaso nahi ditu

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 15a, 09:44
Ekimenaren aurkezpenean taldeko kide diren Nekane Plazaola, Nekane LarraƱaga eta Jose Mari Flores.

Azkoitia Lagunkoiak topaketa antolatu du asteazken honetarako, maiatzaren 16rako. Hitzordua goizeko 10:00etan Elkargunean izango da eta talde sustatzaileak herritarrak animatu nahi ditu bertara joan eta euren iritzia ematera eguneroko bizitzan eragina duten hainbat arloren inguruan.

 

Azkoitia Lagunkoiak, Udalarekin elkarlanean, inkesta bat burutu zuen iaz eta ia 600 lagunek parte hartu zuten galderei erantzunez. Orain, emaitzak partekatu eta beste urrats bat eman nahi du talde eragileak aurrera egiteko. Inkesta bidez, gainera, 60 lagun inguruk parte hartzen jarraitzeko prestutasuna agertu zuen eta guzti haiei ere gonbidapena luzatu nahi zaie.

Azkoitia Lagunkoiak aztertzen dituen arloak dira etxebizitza, garraioa, aire libreko espazioak, parte-hartzea, inklusioa, komunikazioa edota osasun eta gizarte zerbitzuak.

«Ekimenarekin herritarren ongizatea orokorrean, eta bereziki zahartzen doazen pertsonen ongizatea hobetzeko adin guztientzako herri lagunkoi bat eraikitzea dugu helburu».

Merkatarientzako saioa

Asteazkeneko bilera irekia da eta edonork har dezake parte. Baina bigarren saio bat ere antolatu du Azkoitia Lagunkoiak egun berean. Goizean herritarrei zuzenduriko topaketa egingo du eta arratsaldez merkatariekin bilduko da. Bigarren saio honen helburua da merkatariei orientabideak ematea euren establezimenduak lagunkoiagoak izateko. «Establezimendu Lagunkoia» ekimenari esker, dendariei doan laguntza emango zaie negozioa lagunkoiago egiteko. Merkatariekin saioa asteazkenean 15:00etatik 16:00etara izango da Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide