Izarraitz Lanbide Heziketak Mekatronika Industrialaren zikloa eskainiko du datorren ikasturtean

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 11a, 14:04
Aurkezpenean elkartu diren ordezkari guztiak, elkarrekin.

Datorren ikasturtean Mekatronika Industriala ziklo berria eskainiko du Izarraitz Lanbide Heziketak, eta berri hori emateko aurkezpena egin dute. Eskolaren zentroan izan dira, besteak beste, Javier Zubizarreta alkatea, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo alkateak, Hezkuntza saileko ordezkariak, Juaristi eta Glual enpresetako ordezkariak eta Iraurgi Berritzeneko arduradunak.

 

Mekatronika Industriala goi mailako hezikleta ziklo berria Azkoitian eskaintzea «lorpen handia» dela aitortu du Eduardo Sudupe Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak. Ziklo berria Izarraitz Lanbide Heziketara erakartzen lagundu dutelako, «eskerrak» eman dizkie bailarako hainbat enpresari, eskualdeko sei udalei eta Iraurgi Berritzeni. Era berean, Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako zuzendaritzak erakutsitako «gertutasuna, prestutasuna eta lankidetza» eskertu ditu.

«Eskola bezala, bakarrik, mekatronika industrialaren zikloa eskatu izan bagenu, ez genuen lortuko», azaldu du Sudupek. «Eragile horien guztien babesa edukita, ezezkoa ematea, aldiz, ezinezkoa zen. Enpresek eskaera egin dute, perfil horretako langileen beharra dutelako», gaineratu du zuzendariak. Sudupek azaldu duenez, «muntaia eta mantenimendu mekanikoa» dira zikloak sortuko dituen ogibideak.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, Eduardo Sudupe zuzendaria eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak ere esker hitzak izan ditu hasteko. «Astero gaur bezalako albisteak izatea pozgarria litzateke», hasi da. «Non gauden, zer nahi dugun eta nahi dugun hori lortzeko zer behar dugun jakitea beharrezkoa da, funtsezkoa», adierazi du Zubizarretak. «Plater ona irten da, atzean sukaldari onak daudelako», arrazoitu du alkateak. «Non gauden badakigu; zer behar dugun bailarako enpresek aztertu dute; behar horiek azetzeko Lanbide Eskola dugu», jarraitu du. Instituzioek, enpresek eta Izarraitz Lanbide Heziketaren eskolak elkarrekin lan egin dutela adierazi du, eta «denen gustuko albistea egia bihurtu» dutela esan du.

Mekatronika Industrialaren zikloa bukatu bezain laster lanean hasteko «aukera» izango dela ere jakinarazi du herriko alkateak. «Langabezia jaisteko bide bat izango da, ilusioa handituko du eta aberastasuna sortu. Denok elkarri zorionak emateko moduan gaude», adierazi du Zubizarretak.

Eskualdeko datuak

Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria Glual eta Juaristi enpresetako ordezkariekin agertu da prentsaren aurrean. Eskualdeko afiliatuen %50 industrian mugatzen dela jakinarazi du. Industrian 202 lanpostu sortzeko aukera ikusi dute, eta horietatik 143 Lanbide Heziketako ziklo berriak erantzuteko modukoak direla azaldu du. «Azterketa horiek ikusita, ziklo honen beharra handia zen», esan du Beobidek.

Iraurgi Berritzenetik adierazi dutenez, gaurko egunean 102 lan eskaintza dituzte enplegu zentroan, eta horietatik 48 industria mundukoak dira. «48 lanpostu horietatik 19, Mekatronika Industriala ziklo berriak erantzun bat emateko modukoak dira. 19 lanpostu ezin beteta gaude, eta ziklo berri honek erantzun bat emango dio», gehitu du Beobidek.

Juaristi enpresako ordezkaria, Sudupe, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeko zuzendaria eta Glual enpresako ordezkaria.

2017ko iraileko datuak plazaratu ditu ondoren Iraurgi Berritzeneko zuzendariak. DBH4 ikasturtea amaitzean, %15ek erabaki zuen Lanbide Heziketan hastea. 30 lagun inguruk erabakitzen dute Lanbide Heziketan hastea, eta horietatik 20 lagunek industria mundua hautatzen dute. Batxilergoa amaitutakoan, berriz, %25ek erabaki zuen Lanbide Heziketan hastea. Datu horren %75ak hautatu du industria. «Erronka emakumeetan dugu», adierazi du Beobidek. «Emakumeek Lanbide Heziketa egitea da gure erronka, eta gero industria hautatzea», gehitu du. Gaur egun urrats hori eman duten emakumerik ez dagoela azaldu du Beobidek.

Aurrematrikulak eta ate irekiak

Izarraitz Lanbide Heziketako aurrematrikulak ekainean hasiko dira. «Egun horietan ikusiko dugu ikasleek zer nolako babesa ematen diguten, bestelako babes faltarik ez baitugu», azaldu du Eduardo Sudupe zuzendariak. Ate irekiak ere egingo dituzte datorren asteazkenean, maiatzak 16, 09:00etatik 20:00etara bitartean. «Hitzordurik hartu gabe, gure eskolak eta instalazioak ikusteko aukera eskainiko dugu», gaineratu du zuzendariak, amaitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide