Aisialdiko begirale ikastaroa egingo da ekainetik uztailera bitartean

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 11a, 10:21

Aisialdiko begirale Ikastaroa antolatu du Udaleko Gazteria sailak, gazteria zerbitzuen bitartez. Lehenbiziko aldia da begirale titulua lortu ahal izateko horrelako ekimen bat martxan jartzen dela herrian.

 

310 orduko ikastaroa izango da. 150 ordu teorikoak izango dira, eta beste 160, praktikoak. Ekainaren 25etik uztailaren 27ra emango da ikastaroa, Elkargunean. Egunean sei orduko saioak izango dira. Partaideek lortuko duten begirale titulua Eusko Jaurlaritzak emandakoa izango da. Kurkudi eskola arduratuko da ikastaroaz.

Parte hartzeko beharrezkoa da 2018an 18 urte egitea eta praktikak egin aurretik 18 urte beteta izatea. Ikastaroaren prezioa 450 eurokoa da, baina Udalak diru laguntza emango die ikastaroan %100eko bertaratzearekin parte hartzen duten azkoitiarrei.

Izena emateko epea astelehenean irekiko da. Maiatzaren 14tik 23ra bitartean eman beharko da izena, Elkarguneko Gazteria zerbitzu bulegoan, 17:00etatik 19.30era bitartean. Informazio gehiago jasotzeko ere bertara jo daiteke.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide