Bizkargi abesbatzak Europako Musikari Gazteen Jaialdian hartuko du parte

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 9a, 15:51

Bizkargi abesbatzako 30 ikasle inguru atzo abiatu ziren Herbeheretako Sneek herrira. Bertan gaurtik igandera bitartean izango dira azkoitiarrak, 'At the Watergate' Europako Musikari Gazteen Jaialdian parte hartzeko. Donostiako eta Oñatiko ikasleekin batera egingo dute bidaia Bizkargi Abesbatzako ikasleek.

 

2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen, eta horren harira europar jaialdia Donostian antolatu zen, gero Euskal Herri osora zabaltzeko. Azkoitian, esaterako, atzerriko lau talde izan ziren, gehienak alemaniarrak. Harrezkero, Bizkargi Musika Eskolako gazteen nahia izan da atzerrira bidaiatzea, eta atzo abiatu ziren Herbeheretara.

Egutegi bateratu bat izan dute orain arte. Apirilaren 20an Marea Urdinaren aldeko kontzertua eman zuten Baztartxo antzokian, eta maiatzaren 3an Bizkargi Abesbatza Donostian izan zen. Donostiako Kameratarekin —hari orkestra eta Euskal Konboa— batera kontzertua eskaini zuten Antzoki Zaharrean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide