Sanisidro festak ospatuko dituzte asteburuan Madariagan

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 8a, 11:15

Ostiralean hasita, sanisidro festak ospatuko dituzte Madariaga auzoan. Ostiralean, mus txapelketa egingo dute Otarre jatetxean. Zapaturako, berriz, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Sanisidro eguna, berriz, datorren asteartean ospatuko dute auzotarrek.

 

Maiatzaren 11an, ostiralean, mus txapelketa jokatuko da Otarre jatetxean. 21:30ean hasiko da karta jokoa; izena ematea 20 eurokoa izango da bikoteko. Horretarako, Otarre jatetxera deitu beharko da —943 85 37 56—. Bikote txapeldunak txapelak eta 400 euro jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak 200 euro.

Zapatuan, maiatzak 12, haurrentzako zein helduentzako mendi bueltaxkarekin hasiko dute eguna. 10:30ean abiatuko dira Madariaga auzoan zehar. 12:00etan, auzotarren arteko pilota partidak jokatuko dira lehenik, eta gero, Emakume Master Cup txapelketako pilotari azpitxapeldunen arteko binakako partidak. 12:30ean, berriz, buruhandien kalejira eta marrazki tailerra izango dira auzoan, eta 14:30ean auzotarren bazkaria eta omenaldiak egingo dira.

Arratsaldean, 16:30ean, ume jolasekin jarraituko du festak, eta merienda ere egingo dute. 18:00etan, Mendaroko gizon taldearen eta Koatei baserriko astoaren arteko giza proba jokatuko dute. Ordubete beranduago, Zelailuzeko animaliekin ume jolasak egingo dituzte, eta eguna 21:00etan Otarren egingo duten afariarekin itxiko dute. Egun osoan zehar, gainera, Laja II eta Lutxurdixo trikitilariak alaituko dute auzoa, eta Asier Txibilter eta Eneritz Artetxe Erniarraitzeko bertsolarien saioa ere izango da.

Sanisidro eguna, asteartean

Sanisidro eguna datorren asteartean ospatuko dute Madariaga auzoan. 11:00etan, prozesioa eta meza egingo dituzte auzoko ermitan, eta ondoren, 12:00etan, Madarixako elkargunearen inaugurazioa egingo dute. Ferratokia zena berritu egin dute, eta auzotarrentzat topagune bihurtuko da aurrerantzean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide