Herrikoloreak, Azkoitiko I. Kultur Eguna antolatzen ari dira irailaren 15erako

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 5a, 10:06
HERRIKOLOREAK ekimena aurkeztu dute hainbat elkarteetako kideak bilduta.

Herrikoloreak herri-ekimen bat da, herritik eta herriarentzat sortua. Herrikoloreak Azkoitiko kultur eragileek osatzen dute, herriari «kolorea ematen» dioten taldeek eta banakoek. Irailaren 15ean izango du ekimen horrek lehenengo loraldia. Herrikoloreak, Azkoitiko I. Kultur Eguna, herriko kultur lorategia erakutsiko duen eguna izatea nahi dute antolatzaileek. Horretarako, atzo arratsaldean herriko hainbat elkarteetako kideek taldeko argazkia atera zuten, plazan.

 

Herrikoloreak ekimenaren helburua da, besteak beste, Azkoitiko kultur eta kirol talde eta banakoen arteko harremanak saretzea, era guztietako afizio eta pasioak partekatzea eta bizitzeko eta gozatzeko modu desberdinak ezagutzera ematea. «Azkoitian ere hamaika kultur talde eta banako daudelako, buru-belarri dihardutenak eguneroko euren lanean», antolatzaileen esanetan. 

Ekimen hori osatzen dutenek uste dute kultura «osasuntsu» hazteko, «egunero zaindu eta bultzatu» behar den zerbait dela. Izan ere, «loreek bezalaxe, sustraietan ongi errotuz gero, kulturak herriari kolorea emango dio eta herriaren izaera definituko du, bere alderdi guztietan: osasunean (kirola, jateko ohiturak...), intelektualean (artea, musika, literatura...), historikoan (herri ezagutza, ikerketa, dibulgazioa...). Azken batean, kultura nortasuna da, herri-nortasuna, herriari kolorea eta izaera ematen dizkiona».

Hori dela eta, irailaren 15ean izango du ekimen horrek lehenengo loraldia. Herrikoloreak, Azkoitiko I. Kultur Eguna, herriko kultur lorategia erakutsiko duen eguna izatea nahi dute antolatzaileek. Egun horrek herriari kolorea ematen dioten kultur taldeen erakusleiho izan nahi du: bakoitzari, modu libre batean, bere zaletasunak eta nahiak azaleratzeko aukera ematea du helburu, horretarako, herriko kultur eta kirol ekimenak kolektiboki kaleratuz, plazaratuz, partekatuz eta elkarri erakutsiz. Herritarrak parte hartzera gonbidatzen dituzte, egun horretan bizitakoak eta ikusitakoak beraien barruan urte osorako oihartzuna izan dezan eta herritarrak ikusle izatetik eragile izatera igaro daitezen.

Hauek izango dira irailaren 15erako antolatuko dituzten ekintzak:

- Kontzertuak
- Trikitilariak
- Bertsolariak
- Kirol txapelketak eta erakustaldiak: eskalada, igeriketa,
tenisa, pelota, xakea, zumba, gimnasia erritmikoa, dantzak...
- Margolariak
- Argazki tourra
- Paella lehiaketa

-...

Kultura eta loreak, ondo erein eta zainduz gero, sustrai sendoetan erroturiko landare eta gizarteak sortuko dira.
Kolore desberdinetan oinarritutako gizarte eta landare osasuntsu eta zoriontsuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide