Emakumeak ahalduntzeko ikastaroen baitan, autodefentsa landuko dute, Anaitasuna Kanku karate eskolaren eskutik

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 3a, 12:36
Nekane LarraƱaga, Rita Juaristi eta Juan Murillo.

Prestakuntza psikologikoa eta fisikoa uztartuko dituen "Autodefentsa emakumeentzat" ikastaroa antolatu du Udalak, Anaitasuna Kanku karate eskolaren eskutik. Emakumeak ahalduntzeko ikastaroen baitan, guztira, lau ikastaro antolatuko dituzte.

 

«Etenik gabe ikusten ari gara indarkeria matxista kasuak, eta Udalak Emakunde eta Eudelen protokoloa jarraitzen badu ere, indarkeria matxista guztiak salatu eta lanean jarraitu beharra dago» esanez hasi du prentsaurrekoa Nekane Larrañaga Ongizate eta Berdintasun zinegotziak.

Horretarako, Azkoitian guztira lau ikastaro antolatu nahi ditu Udalak, eta oraingoz bi jarriko dituzte martxan. Bata, autoestimua lantzekoa izango da eta ekaineko lau asteazkenetan eskainiko da; beste ikastaroa, berriz, autodefentsa jorratzeko baliatuko dute. Maiatzaren 12tik aurrera, hileko bigarren larunbatetan izango dira saioak urte osoan zehar Elkargunean, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Anaitasuna Kanku karate eskolako Rita Juaristik gidatuko du ikastaroa, Juan Murillorekin batera. Biek ala biek 30 urte baino gehiagoko esperientzia dute autodefentsan.

Ikastaroa «erabilgarria, praktikoa eta eraginkorra» izaten saiatuko dira, eta herritarrak ikastaroan parte hartzera animatu dituzte. Gainera, doan eta euskaraz eskainiko dute formakuntza saioa. Gaiari lotutako teoria ere egongo dela jakinarazi dute, baina prestakuntza fisikoa ere landuko dute, «hainbat taktika landu beharra dagoelako» autodefentsarako.

Ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, Udaleko harreran bulegora bertaratuta edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita.

 

Ekainean, autoestimua lantzeko tailerra

Maiatzean autodefentsa ikastaroa abiatuko da eta ekainean, hileko lau asteazkenetan, 17:00etatik 20:00etara autoestimua lantzeko tailerra emango du Miriam Herbónek. Saioetarako izen ematea maiatzaren 25era arte luzatuko da.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide