Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin hasiko da 27. Udaberriko Musikaldia

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 3a, 09:19

Urteroko hitzorduari eutsiz, bueltan dira Santa Kutz komentuko maiatzeko Udaberriko Musikaldiak. Aurtengoa 27. edizioa izango da. Kontzertu guztiak irekiak eta doakoak dira. Datorren zapatuan, maiatzaren 5ean, Oñatiko Ganbara Abesbatzak zabalduko du zikoa, 18:30ean. Udalak autobus zerbitzua jarriko du emanaldiez gozatu nahi dutenentzat. Autobusa 18:00etan aterako da Consum-Eroski aurretik, eta kontzertuen ostean, jaisteko zerbitzua ere izango da.

 

Oñatiko Ganbara Abesbatzak Ganbara Orkestra izango du bidelagun, Aitor Biainen zuzendaritzapean. Serenity: XX. eta XXI. mendeko doinuak ikuskizuna taularatuko dute. Ahots mistoen abesbatza 1994ean eratu zen. Hamabi gaztek sortu zuten musika korala mailarik gorenenera eramateko xedez. Ordutik taldea hazten joan da, eta gaur egun 30 lagun inguru dira.

Eskainiko duten kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo zatia, besteak beste, Stopford, Whitacre, Sarasola, Essenvalds, Gjeilo, Elberdin, Nysted edo Miskinis konpositoreen obretan oinarrituko da. Bigarrena, berriz, orkestra eta abesbatzarako Gjeiloren monografikoa izango da.

Gainerako emanaldiak

Maiatzaren 12an, Santa Kutz komentuan Sicut Pratum Taldea eta Tolosako Hodei Abesbatza izango dira. Aurkeztuko duten egitaraua garai eta estilo ezberdinetako musika sakroz osatua dago, gregorianotik hasi eta musika garaikidera iritsi arte, Italiako kantu herrikoietatik pasatuz. Emanaldia Gipuzkoako hainbat herritan aurkeztu dute, arrakasta handiarekin. Aitor Furundarena akordeoian dela, David Azurza tolosarrak eta Christine Leboutte belgikarrak oholtza partekatuko dute taldeko Miren Garikano eta Juliette Van Peteghem, eta Tolosako Hodei Abesbatzako kideekin.

Hirugarren kontzertua, maiatzaren 19koa, Duo L’Incontrok eskainiko du. Francesca Romana di Nicola harpistak eta Itziar Lujanbio oboejoleak osatzen dute bikotea. Musikenen ezagutu ziren elkar, eta hiru urteren buruan, berriro elkartu dira errepertorio zabal bat eskaintzeko.

27. edizioari amaiera jartzeko Khami eta Kalakan izan dira hautatuak. Mugak proiektua garatzeko indarrak batu dituzte energiaz eta magiaz beteriko ikuskizuna sortzeko. Kantua eta perkusioa dira nagusi. Mugak ikuskizunak tradizioa eta modernitatea batuko ditu, ikerketa eta entretenimendua aldi berean. Konexio eta fusio handi horretan txalaparta, alboka, panderoa edo txirularen aintzinako soinuak munduko beste instrumentuekin nahastuko dira, tradizio musikal desberdinen mugak hautsiz.

Ikusi egitaraua, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide