Mertxe del Sol: «Lehen udaltzain emakumea izan nintzen; bitxia zen jendeak nola erreakzionatzen zuen ni ikustean»

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 4a, 15:35
Mertxe del Sol Merino, Azkoitiko udaltzaina.

Gizonen munduko ofiziotzat jotzen diren lanpostuetan lan egindako emakume azkoitiarrak elkarrizketatu ditu Maxixatzenek bere aldizkarirako, ogibidea nola eraman duten jakiteko. Horietako bat da Mertxe del Sol Merino (Azkoitia, 1969), Azkoitiko udaltzaina.

 

Administraritza ikasi zuen Mertxe del Solek, garai hartan gustuko zuelako. Udaletxera curriculuma eraman zuen administrari postuan lan egiteko, eta esan zioten udaltzain bat behar zutela. «Betidanik izan da arreta deitu izan didan postua udaltzainena. Zerbait gertatzen denean han egoten dira beti udaltzainak. Ez nuen niretzako ofizio bat bezala ikusten, baina aukera ikusi nuenean 'zergatik ez?' pentsatu nuen, eta probatzea erabaki nuen. Berdin zitzaidan lankideak gizonezkoak izatea; etxean ere gizon askorekin hazi izan naiz beti». Gaur egun taldean hamahiru gizon daude eta bi emakume.

Del Sol da Azkoitiko lehen emakumezko udaltzaina, eta generoagatik lanean ez duela arazorik izan dio. «Beti ondo tratatu izan naute», gaineratu du del Solek. Ia beti gizonezkoak izan dira bere lankideak. 30 urte zituela hasi zen udaltzain, 2000. urteko abuztuaren 10ean. «Oso hasiera gogorra izan zen, normalean baino lan gehiago egoten baita festetan. Pila bat ikasi nuen, ordea».

Hasierako urteak nostalgiaz gogoratzen ditu del Solek. «Lehen udaltzain emakumea izan nintzen, eta bitxia izaten zen jendeak nola erreakzionatzen zuen ni ikustean. Atzera begiratzen zuten askok udaltzain emakume bat ikusten zutenean. Arraroa egiten zitzaien, batez ere, adineko jendeari. 'Norbait berria eta gainera emakumea', pentsatzen zuten. Horrez gain, gogoratzen naiz herritar batzuk lekuz kanpoko iruzkinak egiten zizkidatela: 'Baina zuk ez al duzu ilea moztu behar?' eta 'Zuk ez al duzu gona jantzi behar?', esaterako. Baina gaur egun ez zaio inori bururatzen hori esatea. Haiek ere egokitu behar izan zuten egoera berrira. 'Nora etorri naiz ni' pentsatzen nuen orduan. Baina tira, barre egiten nuen eta umorez hartzen nuen».

Anekdota gisa, lanean hasi berritan, azoka egun batean gertatutakoa du buruan. «Lehen herriko plazan izaten zen asteroko azoka, eta auto pila bat egoten zen. 70 urtetik gorako emakume bat etorri zen larrituta bulegora eta zera esan zuen: 'Gizonezkorik ez al dago?' Eta nik esan nion: 'Baina gizonezkoa zertarako behar duzu?'. 'Autoa ezin aterata daukat, beste bi autok ezker-eskuin aparkatu dutelako!', erantzun zidan. 'Emakume, horretarako ez da behar gizonezko bat, trebezia baizik', esan nion. Eta neuk atera nion autoa. Emakumea eskertuz joan zen azkenean.

Horrelakoak bizita, ordea, ez dut inoiz pentsatu lana uztea emakumea naizelako. Gainera, erronkak gainditzea eta nire buruari aurre egitea gustuko dut», azaldu du del Solek.
Pisua erabili behar izan dutenean, lehengo plazako kateak kentzerakoan, esaterako, «nik egingo dut, zu egon lasai», bezalakoak entzuten zituela dio lankideen ahotik. Baina berak beti ezezkoa esan izan duela azpimarratu du: «'Ez, ni hemen zu bezala nago, eta nik zurekin batera egingo dut' esaten nien». Gidatzerakoan ere autoa nahiz garabia, askotan berak eramango dituela esaten diela lankideei adierazi du. «Denok daukagu gidabaimena, beraz berdin du nork eman. Nik horri gogor eutsi izan diot; beti saiatu izan naiz berdintasuna aldarrikatzen. Hasi nintzenean beste jenerazio bateko lankideak nituen. Haien pentsamoldea beste bat zen. Haiek jubilatu ziren, ordea, eta orain ni naiz lantaldeko bigarren zaharrena. Ezberdina da orain, ez dauka zerikusirik», argitu du del Solek. Orokorrean, laneko egoerei aurre egiterakoan, norbanakoaren izaera kontua gehiago dela uste du, generoarena baino.

Oposizioko azterketa guztientzat berdina izaten zela azaldu du, fisikoa kenduta. «Froga fisikoa emakumeontzako pixka bat baxuagoa zen. Hainbat froga izaten dira, eta denak gainditu behar dira. Gizartean eboluzio bat eman da, eta gaur egun normalizatuago dago emakume bat udaltzain, suhiltzaile edota ertzain postuan ikustea, besteak beste. Arazoa emakumeok dugu gehienetan, guk ere ez dugulako asko pentsatzen lanpostu horietan. Erizaina edota medikua izatera errazago jotzen dugu. Baina aukera hor dago, eta geroz eta gehiago gara animatzen garenak», azaldu du del Solek.

Udaltzainak gaineratu du ez duela inoiz kezkarik izan besteek zer pentsatuko duten lanbideagatik. «Egiten duzuna egiten duzula, beti egongo dira ezberdin pentsatuko dutenak. Beraz, berdin zait. Niri asko gustatzen zait nire lana. Herritarrei laguntzeko bidelagunak gara, eta horrek asko betetzen nau. Askotan ematen du gure lana salaketak eta isunak ipintzea dela, eta, noski, hori ere bada, arau batek egon behar duelako. Baina ez da hori bakarrik», gaineratu du. Gaur egun Psikologiako gradua ikasten ari da, hobby moduan, lanbidearekin uztartuz. «Mundu hori aztertzea eta ezagutzea gustatzen zait, eta gainera nire lanarekin zerikusia du».

Hiri handietan udaltzainen artean azpi-taldeak egoten dira, gaika antolatuta. Azkoitia, baina, herri txikia denez, guztiek denetik egiten dute. «Hori aberatsagoa da, arlo ezberdinak jorratzen ditugulako», dio del Solek.

Etorkizunean lehen agentea izatea gustatuko litzaioke. «Ordezkapen batzuk egin ditut postu horretan, eta gustuko dut.  Erronka pertsonala da, nire lanean gehiago hazteko. Beste lan mota bat da: zuzendu eta koordinatu egin behar da, udaltzain lanaz gain. Gainera, postu horretan udaltzain gizonezkoei agindu behar izan diet, eta ondo moldatu izan naiz. Bestela, niri agintzen beti gizonezkoak izan ditut. Baina denei bezala agindu izan didate. Gainera, behar dira lantaldean emakumeak. Tratu txarretan, esaterako, egokiagoa da udaltzain emakume bat emakumearekin egoteko eta araketan ere hobeto da emakume bat udaltzain emakume batek arakatzea. Genero kontua da, eta legeak ere horrela markatzen du».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide