Silence musika taldea Gaztea Maketa Lehiaketan

Maxixatzen.eus 2018ko api. 28a, 12:46
Silenceko musikariak oholtzan. (Argazkia: Gaztea)

Atzo jokatu zen 27. Gaztea Maketa Lehiaketaren finala Bilboko Kafe Antzokian, eta Silence musika taldeak parte hartu zuen; ez zuten finala irabazterik lortu. Hakima Flissik irabazi zuen finala. Entzuleen botoei esker eskuratutako 2.500 euroko GazteBizHitza saria jaso zuten, atzo, Bilbon.

 

Jose Mari Unanue, Djuniet Astigarraga, Jon Kustodio eta Andrea Pozo azkoitiarrek eta Julen Hidalgo azpeitiarrak dira Silenceko bost taldekideak. Bost musikariek Pho-Borekin, Hakima Flissirekin, Neraberekin eta Aizkorak Zorroztur taldeekin batera eman zuten kontzertua finalean.

Emandako konzertuarekin «oso pozik» itzuli ziren etxera Silence taldeko bost lagunak, eta ikus-entzuleei «asko» gustatu zitzaiela azaldu dute. Epamahaikideek egindako balorazioa, berriz, «oso positiboa» izan dela esan dute.

Instagram kontuan honako mezu hau idatzi du Silence taldeak:

«Eskerrik beroenak Silenceri babesa ematera etorri zineten guztioi, eta etortzerik izan ez zenutenoi ere bai, zuei esker gu ere txapeldun sentitzen gara! Zuek bezelako jendeak onena merezi duelako gogor entseatzen jarraituko dugu isiltasunak oihu egin dezana. Bihotzez, eskerrik asko gure lehen kontzertuan hor egoteagatik».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide