Ainara Garcia: «Nire argazkiekin, lasaitasuna eta inspirazioa transmititu nahi dut»

Maxixatzen.eus 2018ko api. 21a, 10:55
Ainara Garcia argazkilaria.

Ainara Garcia Azpiazu (Azpeitia, 1987) Azkoitian bizi da duela lau urtetik. Azpeitiarra den arren, Azkoitian, San Martinen du familia. Ordu asko pasatzen ditu ermitatik herriari begira, argazkiak egiten. Orain dela 11 urte ingurutik argazkilaritzan murgilduta dago. Betidanik ezagutu du etxean kamera, baina 20 urte bete zituen egunean afizioa ofizioa bihurtu zitzaion.#52EuskalHitz proiektua martxan jarri berri du Garciak, eta, gai hori aintzat hartuta, hamaika kontu kontatu dizkio Maxixatzeni.

 

Noiz hasi zinen argazkilaritzan?

Lanera 20 urte bete nituen egun berean hasi nintzen. Argazkia betidanik egon da nire bizitzan. Nire aita argazkigintzako afizionatua izan da betidanik, eta atentzioa ematen zidaten aitak oporretan egindako argazkiek. Lanbide moduan duela ia 11 urtetik ari naiz. Nik irudigintzaren modulua egin nuen, eta praktikak egin eta segituan hasi nintzen lanean. Dena jarraian izan zen; lanean ikasi nuen, ez nuen esperimentazio trantsiziorik izan.

Afizioa edo ofizioa da argazkilaritza zuretzat?

Bai, ofizioa da. Orain neure kabuz egiten dut, ateratzen zaizkidan gauzetara moldatuz. Orain, motxila eta tripodeak egiten dituen marka batentzat ari naiz lanean, bideoak eta argazkiak egiten. Neuk egindako paisaietako irudiak, berriz, agentzietara saltzen ditut, eta Instagram bidez ere erosten dizkidate. Bideoaren munduan ere banabil orain, eta esango nuke bideoa eta argazkia %50ean lantzen ditudala.

#52EuskalHitz proiektua jarri duzu martxan. Zertan datza?

Betidanik izan dut euskara eta argazkia uztartzeko asmoa. Urte askoan egon naiz ezer bururatu ezinik, eta 2017ko urrian etorri zitzaidan proiektu berri horren ideia. Urte berria hasitakoan, argazkilarien artean modan egoten da 365 eguneko edo 52 asteko argazki proiektu bat egitea. Nik banuen asmoa proiektu horietako batean murgiltzeko. Betidanik argazkiak lanarekin lotu izan ditut, baina gogoa nuen beste zerbait egiteko neure kasa, nire estiloarekin eta presiorik gabe.

Horrela, Instagram bidez 52 asteko proiektua egitea pentsatu nuen. Instagrameko jarraitzaileei euskal hitzak bidaltzeko eskatu nien, eta agindu nien gero hitz horiek argazki bihurtuko nituela, Euskal Herriko paisaiekin. Esaterako, pertsona batek maitasuna hitza bidali zidan aurrekoan. Gero gogoratu nintzen Getariako arratoiaren istorioa maitasun istorio bat dela, eta horrekin lotuta han izan nintzen argazkia egiten. Nire azken asmoa da Euskal Herriko paisaia guztiekin hitz bat lotzea.

Tromso

 

Hitzak eta argazkia lotzea erraza al da?

Ez. Hasieran beste era batera egitea pentsatzen nuen, baina, prozesua ikusita, arindu egin dut proiektua. 52 hitz behar nituen hastapenean, baina askoz gehiago jaso nituen. Nire helburua zen jendeak bidalitako hitzen eta paisaien artean zozketa egitea eta horrela eramatea aurrera, baina garatzeko zaila iruditu zitzaidan. Hitz batzuek badute paisaia batzuekin zerikusia, baina beste batzuek ez. Ez nuen argazkilaritza aldetik gauza kreatibo bat izatea bakarrik nahi; jendeak euskal kultura eta euskara ezagutzea nahi dut. Nire jarraitzaileen erdiak baino gehiago hegoamerikarrak dira, eta haiei gure historia gerturatzeko bide bat zela iruditu zitzaidan. Proiektu horren aitzakiarekin jende asko ari zait idazten, eta neuri ere gure kultura eta hizkuntza gehiago ezagutzeko baliagarria ari zait izaten.

Zure ohiko argazkiak paisaiak dira. Zergatik mota horretako argazkiak?

Uste dut erraza dela. Hemen, inguruak bultzatu nau. Aurrekoan beste argazkilari batekin hitz egin nuen, eta esan zidan: «Uste dut euskal argazkilari guztiok aritu garela bizitzan noizbait paisaien argazkiak egiten».

Zure argazkiek zein bereizgarri dituzte?

Nire argazkiak aldatzen doaz: orain dela urte batzuk kolore biziak, argiak eta indar handiko argazkiak egiten nituen; orain kolore lasaiagoak erabiltzen ari naiz, urdinagoak. Horrela, lasaitasuna eta inspirazioa transmititu nahi dut. Nire argazkiak ikusten dituena une batean bada ere deskonektatzea nahi dut, eta leku horretan egoteak zer izan behar duen sentitzea ere bai.

Beste era bateko argazkiak egin al dituzu?

Orain dela bi urtera arte, bederatzi urtez, prentsako argazkiak egiten aritu nintzen: kirolak, istripuak, prentsaurrekoak, elkarrizketak... Hein batean fotokazetaria izan naiz. Lan mota horrek ez ninduen betetzen. Egunkari batean lan egiten nuen, eta lana denboraren aurka egin behar izaten nuen egunero. Lan mota horrekin iruditzen zitzaidan ezin nintzela garatu. Dena presaka egiten nuen. Gehiago esango nuke, paisaien argazkiak egiten horregatik bukatu dut: niri lasaitasuna eman dit, beste egonkortasun bat.

Nolakoa da argazkiak egiteko prozesua?

Zer argazki egin nahi dudan eta zer mezu eman nahi dudan pentsatu behar izaten dut. Gero eguna, ordua, argia eta eguraldia kontuan hartu behar izaten ditut. Beste askotan, ordea, argazkia egiteko asmorik ez izan arren, gogoa pizten da, sortu egiten da, eta unean bertan egiten dira argazkiak.

Erraza al da buruan irudikatutako horiek egitea?

Zortea ere behar da. Askotan, argazkia egiteko lekura joandakoan ez duzu topo egiten aurrez pentsatzen zenuen egoerarekin. Inprobisatu behar denean, berriz, errepertorio zabala eduki behar du argazkilariak.

Argazkilaritzan konpetentzia handia dago. Asko kostatzen al da besteen aldean nabarmentzea?

Argazkilariak asko kexatzen dira konpetentziarekin, konpetentzia desleialarekin. Argazkilaritza ofizioa da, baina gehiago da afizioa, edozeinek baitu gaur kamera. Konpetentziarik handiena zeure burua da. Beste argazkilarien argazkiei begiratzeak alferkeria ematen dit. Ni beti ari naiz pentsatzen nire argazkiak ikusita zer egin behar dudan hobeto, edo bezero bat lortzeko zer eskaini behar dudan, beti neure ezaugarrietatik abiatuta. Pentsatuz gero norbere burua dela konpetentziarik handiena, gehiago hobetzen da. Beste argazkilariei begiratuta, gainera, imitazioan erortzeko arriskua dago. Imitazioan itsutzen denak ez dut uste ondo amaituko duenik; norberari begiratu eta zertan hobetu daitekeen landu behar da.

Kamerak ere asko izango dituzu.

Ez pentsa. Ez naiz merkatuan dauden kamera berrienak erostekoa izan sekula. Iruditzen zait ez dela garrantzitsua kamera berriena edukitzea. Jendea gehiegi zentratzen da megapixel eta ezaugarri gehien dituen kamera edukitzearekin, baina gero ezaugarri horiei ez zaie probetxurik ateratzen. Nahiago dut lantzea argazkiak ikusteko era edo egiteko modua. Kamera, erreminta bat besterik ez da.

Madrilgo Debodeko Tenpluan egindako argazkia

 

Ordenagailuan lan asko egin behar al du argazkilariak?

Nire ustez, garrantzitsuena da argazkia kameran ahalik eta amaituena uztea. Egia da edizioa ere zati garrantzitsua dela. Jendeak askotan esaten du Photoshopen editatuta daudela argazkiak. Argazkiari ordenagailuan kolorea eta argia editatzen zaizkio, eman nahi den mezuaren arabera. Edizioa argazkia egitearen zati bat da; halere, lehen ez nuen horrela pentsatzen. Garai batean, gela beltzean aldeak ilundu edo argitu egiten ziren, edota beste tonalitate bat eman. Photoshopa ez da sortu ezerezetik; lehen, argazkien edizioa eskuz egiten zen.

Paisaien informazioa nola jasotzen duzu?

Instagram bidez asko begiratzen dut, eta jendeari askotan galdetzen diot leku hau edo hura  non dagoen. Egunkarian lan egin nuenean, ordu libreetan, autoa hartu eta ibilbide asko egiten nituen. Bideetan galtzeko beldurra galtzeak lagundu dit leku asko ezagutzen.

Imajinazio handia behar al da argazki onak egiteko?

Egunak eta boladak daude. Aste batzuk gaizki pasatzen dira, ezer bururatu ezinik. Nire gustuko argazkilarien argazkiak ikusten ditut, egunero eta asko. Modu horretan, errepertorio bat egiten joaten zara; adibidez, kamera zer modutan jarri, zein den ikuspuntua, argiak nola jarri... Nire argazkilari gustuko horiengandik hartutako inspirazioarekin, neure estilora aplikatzen ditut argazkiak. Jende asko aritzen da filmak ikusten, planoei eta argiei begira. Irudiz inguratuta gaude, eta dena da inspirazioa.

Argazki on batek zer behar du?

Argi ona, konposizio ona eta une erabakian behar den lekuan egotea. Hiru elementu horiek batuta, lortu behar da nahi den mezua transmititzea. Batzuetan oso zaila da hiru elementuak elkartzea, baina saiatzen gara.

Orain arte egindako argazkirik onena zein da?

Behin, orain dela lau urte edo, Madrilgo Debodeko Tenpluan izan nintzen. Argazki hura kasualitatez egin nuen. Zerua arrosa zegoen, lainoak ere horrela jarri ziren, eta Twitterren trending topic izatera iritsi zen nire argazkia. Argazki horrek argi ona du, konposizioa ere bai uraren isla polita delako, eta momentu erabakigarria du. Zeresana eduki zuen, baina ez zait iruditzen nire argazki onena izan zenik. Zortea izan nuen.

Munduko edozein txokotan egoteko aukera bazenu orain… nora joango zinateke?

Garaia denez, Norvegian egongo nintzateke aurora borealak egiten. Behin egonda nago, eta berriz ere errepikatuko nuke. Pila bat gustatzen zaizkit; Madrilgo argazkiarekin batera, aurora borealenak dira egin ditudan argazki indartsuenak.

Aldizkari eta egunkari esanguratsu batzuetan ere agertu dira zure argazkiak.

National Geographic, The Guardian egunkaria, Condé Nast Traveler, Vogue... Niretzat sekulako ezustekoa izan zen egunkari eta aldizkari horietako orrietan agertzea. Nire argazkiak agentzietara bidaltzen ditut, eta nik ez dut egunkari eta aldizkari horiekin zuzeneko harremanik; agentzietatik erosten dituzte argazkiak.

Bilbo

 

Paisaietako argazkiak eginda, etxetik kanpo ibili beharko duzu beti. Gogorra al da?

Paisaiak ez daude etxean, eta mugitu egin behar izaten da. Nik neuk nahi dudalako egiten dut. Ez nuke esango gogorra denik; niretzat, deskonektatzeko modu bat da. Egunkariko lana bai, hura gogorra egiten zitzaidan: denbora guztian etxetik kanpo egon behar nuen, ordutegi finkorik gabe. Orain, paisaiekin, planifikatuta daramat dena, eta hobeto sentitzen naiz; behar dut etxetik kanpora egotea.

Emakume argazkilaria izateak ba al du abantailarik edo desabantailarik?

Gaur egun gero eta emakume gehiago ikusten ditut kamerarekin. Argazkilaritzako ikastaroak ematen ibili naiz orain dela gutxi arte, eta nagusiki emakumeak ziren ikasleak. Orain, argazkilaritza emakumeen afizio gisa gehiago ikusten dela esango nuke.

Argazkilaritzan hasi nahi duen bati zer aholku emango zenioke?

Pazientzia edukitzeko eta ez etsitzeko inoiz. Askotan jendeak uste du argazkilariak ikasita jaio direla. Prozesua luzea da, eta ezin da pentsatu bihar argazki gustukoak egitea lortuko denik. Urte batzuk behar dira norberak egindako argazkiekin erabat gustura sentitzeko. Prozesuaz gozatu behar da, eta besteen argazkiak asko ikusi, haietatik jasotakoa norbere estilora aplikatzen saiatzeko.

Aurrera begira beste proiekturik ba al duzu pentsatua?

Momentuz, ez. Ziur nago #52EuskalHitz proiektua amaitutakoan beste proiektu pertsonal bat egingo dudala. Garrantzitsua da bakoitzak bere proiektu pertsonala edukitzea. Modu horretan garatzen da bakoitzaren sormena, inoren influentziarik gabe.

Azkoitia

 

Laerdal

 

Zumaia

 

Gaztelugatxe

MOTZEAN:

Argazkilari bat: Steve McCurry

Ametsetako kamera: agian egongo da, baina arina, zaratarik egiten ez duena eta gainean ibiliko dudana

Flasha bai/ez: ez

Mendia ala itsasoa: mendia

Gauez edo egunez: egunez

Tripodea bai edo ez: bai

RAW edo JPG: RAW

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide