Udala Pauso Berriak proiektura batu da, laguntza gehien behar dutenei lan aukerak eskaintzeko

Maxixatzen.eus 2018ko api. 20a, 10:19

Udala desgaitasuna duten pertsonen lan munduratzea sustatzea xede duen Pauso Berriak programara atxiki da, bere konpromiso soziala berretsiz. Egitasmoa Gureak eta Atzegik elkarrekin garatzen dute eta pertsona horiei euren lan ibilbidean laguntzean datza, formakuntza eta lan praktikak eskainiz. Horri esker, aste honetan hasi da udaletxean lanean 21 urteko Ander Idoeta azpeitiar gaztea.

 

Idoetak 1.000 orduko iraupena duten lan praktikak egingo ditu udaletxean, bertako hainbat sailentzat lan eginez. Astelehena izan zen bere lehen lan eguna eta pozik eta irrifartsu agertu zen udaletxera, Gureakeko eta Atzegiko arduradunek lagunduta. Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak egin zioten harrera, eta jarraian Udaleko sail guztiak bisitatu zituzten teknikariak eta udal ordezkariak ezagutzeko. Eskuzabal eta ilusioz hartu zuten denek Idoeta.

Idoeta arduratuko da, besteak beste, posta banatzeaz, fotokopiak eta eskanerrak egiteaz, balio ez duten txostenak suntsitzeaz, prentsa jaso eta antolatzeaz, bilera gela prestatzeaz edota dokumentuak gutun-azaletan sartzeaz.

«Aurrez, Anderrek formakuntza ikastaro batean hartu du parte bere lan konpetentziak lantzeko, gaitasunak identifikatu eta dituen ahalmenak, nahiak eta interesak ezagutzeko. Horrek bere profilaren ezaugarrietara ondoen egokitzen den enpresa bilatzen laguntzen digu», diote Pauso Berriakeko arduradunek. Udalak bere aldetik «hasieratik erakutsi du elkarlanerako prestutasuna espazioak eta lanak egokituz. Anderrekin harreman estua izango dutenek sentsibilizazio eta coaching saio bat ere izan zuten Pauso Berriaken eskutik».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide