Maxixatzenen zozketak

Bi sarrera zozkatuko ditu Maxixatzenek Artzape Fest! jaialdirako

Maxixatzen.eus 2018ko api. 13a, 11:29
Euskal musika eszenan lekua egin duten hiru taldek joko dute Cristobal Balenciaga Museoko oholtzan: Izaro, Nøgen eta Marlik.

Getariako Artzape Euskara Elkarteak Artzape Fest! jaialdia antolatu du datorren apirilaren 20rako. Elkarteko kideek bi sarrera eskaini dizkiote Maxixatzeni bere bazkideen artean zozketatzeko.

 

Zozketan parte hartzeko bidali bazkideon izen-abizena eta telefono zenbakia maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera. Irabazlearen izena apirilaren 18an jakinaraziko du Maxixatzenek Webarruen.

2013. urtetik kultur ekitaldiak antolatzen dituzte, euskara, bertako kultura eta elkartearen izen bereko aldizkariaren etorkizuna bermatzeko xedez. Besteak beste, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Bertso Band eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak eskaini dituzte. Aurten, berriz, entzule gazte eta ez hain gazteei bideratuta, euskal musika eszenan lekua egin duten hiru taldek joko dute Cristobal Balenciaga Museoko oholtza gainean: Izaro, Nøgen eta Marlik.

Mallabiatik datorren Izaro Andres 2014an murgildu zen musikaren munduan, Paradise abestiarekin ezagun egin zenean. Horren ostean Om diska kaleratu zuen kantautore mallabiarrak, eta aurten kaleratu du Eason lana. Getariako kontzertua Eason diska aurkezteko giraren barruan eskainiko du.

Aldiz, Donostiako Nøgen taldean 2016. urtean sortu zen; musika exotikoarekin lagundutako ahots ahaltsuak dituzte bereizgarri. Zumaiatik etorriko da Marlik taldea, eta estilo ezberdinetatik eratorrita, blues eta rock and roll doinuak nahasten dituzte taldeko kideek.

Kontzertua 21:30ean izango da Getariako Cristobal Balenciaga Museoan. Sarrerak salgai daude dagoeneko ticket.kutxabank.es atarian. Sarrera bakoitzak 15 euro balio dute; alerik geratuko balitz, apirilaren 20an bertan leihatilan erosteko aukera egongo litzateke 20 euroan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide