Intxaurrandietari eta Errazkini babesa eskaini die Azkoitiko EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2018ko api. 11a, 21:21

Ostegun honetan, apirilaren 12an, epailearen aurretik pasatuko dira Ainhoa Intxaurrandieta GHKo presidente ohia eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia. Madrilgo Kontu Auzitegian epaituko dituzte Ainhoa eta Iñaki, erraustegiaren proiektua gelditzeagatik. Guztira, 46 eta 100 milioi euro arteko zigorrak eskatzen dizkiete. Hori dela eta, EH Bilduko Azkoitiko ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte igande honetan, 12:30ean, EH Bilduk Azpeitian egingo duen ekitaldi nazionalean parte hartzera.

 

EH Bilduk 'erabat bidegabetzat ditu' zigor eskaera horiek: 'Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute Intxaurrandietak eta Errazkinek. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzerako orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete', salatu dute.

EH Bildutik 'babes osoa' agertu nahi izan diete Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. 'Ondo baino hobeto dakigu hartu zituzten erabaki politikoak hartuta gipuzkoarren interes orokorra lehenetsi zutela, haien ongizate ekonomikoa eta osasuna. Konpromiso politikoarekin eta zintzotasunez jokatu zuten beti, eta jakitun ziren horrelako erabakiak hartuta elite ekonomiko boteretsuen aurkako jokatzen zutela eta horrek ondorioak ekarri zitzakeela, ikusten ari garen bezala', gaineratu dute.

Hori horrela, azkoitiar guztiei dei egin die igandean, apirilak 15, Azpeitiko plazan 12:30ean egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide