Jatorrizko hiztunekin alemana eta ingelesa praktikatzeko aukera bihar eta etzi, Gaztanenea Formakuntza Zentroan

Maxixatzen.eus 2018ko api. 11a, 10:27

Gaztanenea Formakuntza Zentroak martxan du ekainera arte luzatu den jarduera egitaraua eta bihar eta etzi alemana eta ingelesa praktikatzeko aukera eskainiko du zentroak, jatorrizko hiztunen eskutik. Izan ere, bi hitzaldi eskainiko dira. Saioak irekiak dira eta nahi duten orok har dezake parte.

 

Bihar, apirilak 12, osteguna, Carina Wintersteller-ek Typisch Ösaterreich: Dirndl und Lederhose izenburupean hitzaldi-solasaldia eskainiko du. Hitzordua 17:30ean izango da, Gaztanenea Formakuntza Zentroan.

Etzi, ostirala, ingelesaren txanda izango da. Helen Lindsay jatorrizko hiztunak A short history of Rock and Roll and the rise of pop culture gai gisa hartuta, hitzaldia eskainiko du, solasaldiari eta partaidetzari tartea emanez. Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da, Gaztanenea Formakuntza Zentroan.

Ingelesa praktikatu nahi dutenek izango dute beste aukera bat aste honetan. Ostegunean, apirilaren 12an, Chit Chat Bar Hop edo pintxo-poteaz ingelesez gozatzeko parada du nahi duenak. Taldea 19:30ean elkartuko da Gaztanenea Formakuntza Zentroan, eta handik kalera joango da aisia eta mintzapraktika uztartuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide