Floreagako auzokideak sinadura bilketarekin hasiko dira auzoko irisgarritasuna hobetzeko eskatzeko

Maxixatzen.eus 2018ko api. 11a, 11:45
Floreagako auzokideak.

Atzo, asteartea, Floreaga auzoko bizilagunen batzordeak bilera egin zuen dozenaka auzokiderekin, Elkargunean. Alkatearekin eta udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin izandako bileretan landutakoa, eta duten arazoa konpontzeko etorkizunera begira emango dituzten urratsak zeintzuk izango diren azaldu zituzten, besteak beste.

Floreagako bebarru guztien ordezkaritza bitartez, bizilagunen batzorde bat sortu zuten 2017ko irailean, ehun kide inguruz osatutako batzordea. Euren helburua da auzoko irisgarritasunaren inguruan duten arazoa mahai gainean jartzea. 2014ko abenduan, aurreko legealdian, 2015ko aurrekontuetarako 500.000 euro bideratu ziren Floreaga auzoan igogailua egin ahal izateko. Arquitectos Fiark etxeari esleitu zitzaion proiektua 2015ean, urte horretako abendurako igogailua martxan izateko, baina hauteskundeen ostean proiektua gelditu egin zen. Batzordekideek azaldutakoaren arabera, galdetegi bat egin zuen auzoan udal gobernuak, baina «igogailua edo autobusa, baten edo bestearen aldeko hautua» egin behar izan zuten.

Eliza paretik hasi eta eta Floreagako azken muturreraino dagoen aldapak irisgarritasuna «zaildu» egiten duela ikusten dute batzordekideek. «Ezinezkoa egiten zaigu kasu askotan herrigunera iristea, eta beraz bertako zerbitzuetara zein ekintzerara iristea; hala nola, udal zerbitzuak, erlijiosoak, aisialdikoak, eta abar», azaldu dute batzordetik. «Biztanlegoaren zahartze prozesuaren ondorioz, arazoa areagotu besterik ez da egingo», gehitu dute.

Irisgarritasunaren arazoa herriko eragile politiko guztientzat «lehentasunezkoa» izatea nahi dute. «Onura ez da izango Floreagako auzotarrentzat bakarrik, baita herriko bi ikastetxeetara egunero euren seme-alabak edo bilobak ematen dituztenentzat ere», ohartarazi dute batzordetik.

«Goiko auzoen irisgarritasun arazoari irtenbidea eman zaie inguruko herrietan; esaterako, Eibarren, Ermuan, Elgoibar, Soraluzen...», jakinarazi dute. «Ez dugu arrazoirik ikusten epe motzean Azkoitian irtenbiderik ez emateko», jarraitu dute mahaikideek.

Helburuak, garbi

Helburua garbi dutela azaldu dute batzordeko kideek: «Floreaga hornitzea, behar dituen baliabide mekaniko egokiz, bere irisgarritasuna hobetzeko, Correos paretik hasi eta auzoko tokirik goreneraino», adierazi dute.

Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien inplikazioa eskatu dute, arazoak duen garrantziaz jabetuz eta azpiegitura horien lehentasun eta interes publikoa aitortuz. «Aipaturiko azpiegiturak ezartzeko konpromisoa, egin beharreko proiektua, finantziazioa eta betearaztea kronograma batean jaso nahi ditugu», gaineratu du Floreagako auzokideen batzordeak.

 

 

Egindako bilerak

Auzoko bebarruetako bizilagunek batzordea sortu ondoren, 2017ko azaroaren 7an Javier Zubizarreta alkatearekin, Miguel Angel Bastida hirigintzako zinegotziarekin eta udaleko arkitektoarekin elkartu ziren batzordeko kideak. «Argi-ilunak izan zituen bilera hark», hasi ziren. Arazoaren ardura hartu zutela azaldu zuten Floreagako auzotarrek, eta «arazoa konpontzeko gogoa» zutela ere esan zieten. Batzorde kideak jakitun dira beste arazo batzuk ere badaudela herrian, baina asmoa ez da proiektuak aurrez aurre jartzea. «Urbanue herri barruko autobusagatik hitz egin ziguten behin eta berriz; badirudi euren irisgarritasun arazoa konpontzeko proiektua autobusa hobetzea dela», azaldu zuten batzordeko ordezkariek. Azterketa tekniko bat egitea hitz egin zutela ere baieztatu zuten, eta aldizka harremanak izatea ere bai. «Gaur arte ez dugu gaiaren inguruko berririk izan», azaldu dute batzordekideek. Egungo udal gobernua ez zela izan «horren harbera» azpimarratu zuten batzorde kideek.

Udal gobernuarekin hitz egin ondoren, joan den martxoan udaletxean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariekin bilerak ere izan zituen auzokideen batzordeak. Azkoitia Bai-Irabazi alderdiko hiru ordezkarirekin elkartu ziren batzordekideak. «Irisgarritasunaren arazoa herriko lehentasunezko arazo kontsideratzearekin ados zeuden, nahiz eta auzokideei pasatutako galdetegiaren gaia itxitzat emanda zegoela uste zuten», hasi dira. «Dirua dagoela eta, Hirigintza Batzordean irisgarritasunaren gaia lantzeko, azpibatzordea sortzeko eskatuko zutela esan ziguten». PSE-EE alderdiko zinegotziarekin ere bildu ziren. «Oso harbera izan zen gurekin, eta arazo larria dela ikusita, lehenbailehen konpontzeko prestutasuna azaldu ziguten», eman zuten jakitera.

EH Bilduko hiru zinegotzirekin ere elkartu ziren batzordeko ordezkariak. «Oso harberak izan ziren; irisgarritasuna eurentzat lehentasunezko gaia dela azaldu ziguten eta aurreko agintaldian horrela erakutsi zutela, Urbanue martxan jarrita eta igogailuaren proiektua eginda», adierazi dute. Koaliziotik ere dirua dagoela jakinarazi zietela gaineratu zuten. «EAJk bertan behera utzi zuela jakinarazi ziguten koaliziotik Azkoitia Baik azpibatzordea sortzeko egindako proposamena eta alkateak lehentasunezkoa ez zela arrazoitu zuela ere bai».

Azken bilera Asier Aranbarri Azkoitiko EAJren batzordeko lehendakariarekin bildu zirela jakinarazi zieten gainerako auzokideei. «Oso harbera izan zen gurekin eta lehenbailehen konpondu beharreko arazo larria dela esan zigun», azaldu zuten batzordeko kideek. «Hiru zati bereiztu zituen: elizatik Correos parera, Correosetik Floreaga Berrira, eta hortik auzoaren azkeneko puntara». Irtenbidea emateko eta kostuak eta abar jakiteko azterketa tekniko baten beharra zegoela esan zietela azaldu zuten, eta «autobusa beste irtenbideekiko ez dela baztertu behar ere aipatu zigun», jarraitu zuten Floreagako auzokideek.

Sinadura bilketa

Orain arte egindakoa «positibotzat» jo dute batzorde kideek, arazoa «jomugan» jarri baitute. «Hemendik aurrera guztiok mugitu beharko dugu, orain arte esan digutena hitz politetan geldi ez dadin». Hori ikusita, hainbat proposamen dituzte batzorde kideek. Hasteko sinadura bilketa egingo dute auzoan. Etxez etxe bilduko dituzte sinadurak hamabost egunetan zehar. Guztira 15 urtetik gorako 812 bizilagun dauden Floreaga auzoan.

Sinadura horiek udaletxean aurkeztuko dituzte. Besteak beste, eskatzen dutena da lehentasunezko gaitzat hartzea Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzea, eta arazo horri konponbidea ematea. Horretarako, nahi dutena da beharrezkoak diren azterketa teknikoak 2018. urtean eginda egotea, sortu duten batzordearekin prozesuan parte hartzeko aukera izatea eta udalak ematen dituen urrats guztien berri izatea. Gerora, alkatearekin beste bilera bat eskatuko dute batzordekideek. Gainera, ez dute baztertzen udaletxean mozio bat aurkeztea sinaduren dokumentuarekin. Horrez gain, arazoari irtenbiderik ematen ez bazaio, haratago joateko aukera ere ez dute baztertu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide