Emakumeak ahalduntzeko ikastaroetan izena emateko azken egunak

Maxixatzen.eus 2018ko api. 10a, 11:05

Emakumeak ahalduntzeko antolatu diren ikastaroetan izena emateko epea luzatu egin da eta interesa dutenak badute oraindik aukera. Parte hartu nahi dutenek aste honetan eman dezakete izena udaletxeko harrera bulegoan.

 

Honako hau da emakumeak ahalduntzeko eskaintzen zerrenda:

- Lana bilatzeko edo aldatzeko coaching tailerra, Mertxe Arratibel irakaslearekin. Apirilaren 16an eta 23an, eta maiatzaren 7an eta 14an. Astelehenetan, 09:30etik 12:30era.

«Nahiz eta emakumeok lan merkatuan sartu nahi dugun, oztopo ugari topatzen ditugu bidean, eta aukera berdintasun falta da oztopo nagusienetako bat. Ikastaro honen bidez, emakumeak lanerako ahalduntzen dituzten tresna eta abilezia pertsonal, emozional eta sozialak eskainiko dira, erronka ezberdinei aurre egiteko: lana aurkitu edo mantentzeko, lana hobetzeko, autonomo jarduteko edo norbere enpresa eraikitzeko».

- Autoestimua lantzeko tailerra, Miriam Herbónen eskutik. Maiatzaren 10ean eta 24an, eta ekainaren 6an, 13an, 20an eta 27an. Asteazkenetan, 17:00etatik 20:00etara.

«Autoestimua ikasi egiten da, eta aldatu eta hobetu egin daiteke. Lau saioko ikastaro honetan, norbere autoestimuaren gaineko hausnarketa prozesu bat bideratuko da. Emakumeek euren buruaren gaineko balorazio positiboa lantzen ikasiko dute, euren esperientziak konpartitu eta  elkarrengandik ikasten duten bitartean».

- Kontatu gabeko emakumeak. Genealogia feminista artearen historian, Silvia Ayerrakin. Apirilaren 18an eta 19an, 18:00etatik 20:30era. Apirilaren 21ean, 10:00etatik 13:00era.

«Ikastaro honek, artearen historia androzentrikoaren berrikuspen bat proposatzen du, arte klasikotik hasi eta gaur egunera arte. Tailer parte-hartzaile honetan, artearen historiaren analisi bat burutuko da, eta era berean, artea eraldaketarako tresna gisa landuko da, sormen prozesu baten bidez».

- Autodefentsa emakumeentzat, Kanku Anaitasuna karate elkarteko Rita Juaristirekin. Apirilaren 14an hasita, hileko bigarren zapatuetan urte osoan zehar.

«Emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten indarkeria egoerak identifikatu, konpartitu eta iritziak trukatzeko espazioa eskaini, eta karate tekniketatik abiatuz, emakumeen autodefentsarako estrategiak landuko dira».

Autodefentsa ikastaroa doan da. Gainerakoak 18 euroko prezioa dute langileentzat eta 12 eurokoa langabeentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide