Gaztea Maketa Lehiaketako finalerako autobusa antolatu du Silence taldeak

Maxixatzen.eus 2018ko api. 6a, 11:30

Silence Azkoitiko eta Azpeitiko musika taldeak joan den martxoaren 23ean lortu zuen Gaztea Maketa Lehiaketako finalerako txartela. Jendeak emandako botoen bitartez lortu zuten finalera sailkatzea, eta «erakutsitako babesa eskertzeko», doako autobusa antolatu dute. Finala apirilaren 27an izango da Bilboko Kafe Antzokian.

 

Musika taldeak azaldutakoaren arabera, Azkoititik 18:00etan irtengo dira Bilbora eta itzulera goizaldeko 02:00etan izango da. Interesatuek Silence musika taldearen sare sozialetan mezu pribatu bat idatzi beharko dute, edota Dean eta Latz tabernetan izena eman.

Azpeitia eta Azkoitia artean sortutako pop rock talde gazteak urtebete eman du entsegu lokalean maketa grabatzen, eta denbora horretan egindako lanak fruitua eman dio. Gaztea Maketa Lehiaketako entzuleen botoek lagunduta, GazteBizHitza saria jaso zuen eta 2.500 euro eskuratu. Guztira, 1.379 boto lortu zituen Silence taldearen Frecuencies of a broken soul kantuak, bigarren sailkatuak baino 266 puntu gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide