Iriaun elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu datozen asteetarako

Maxixatzen.eus 2018ko api. 5a, 11:25

Iriaun Azkoitiko Napar Zuzterrak Elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu hurrengo bi asteetarako. Apirilaren 10ean, asteartea, izango da lehena, eta apirilaren 25ean, asteazkena, bigarrena. Bi hitzaldiak Elkargunean izango dira, 19:00etan.

 

Lehen hitzaldia, apirilaren 10ekoa, Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariarena izango da. Nabarra euskaldunen estatua gaitzat hartuta arituko da Rekalde. «Nabarra, euskaldunen Estatua. Datu ezinbestekoa, gure historia ezagutu nahi dugunean, historia horrek lagunduko baitigu zer garen, zer dugun eta zer izan nahi dugun jakiten. Izan ere, izan genuen Estaturik gabe ezin dugu ulertu nola lortu etsai boteretsuei aurre eginez irautea, nola gorde dugun hizkuntza, kultura, identitatea, nola antolatzen garen oraindik ere gure kultura politikoan... Memoria hori gabe, Espainiak eta Frantziak kutsatutako ideia bat dugu gure izateari buruz, ideia manipulatu bat. Gure erreferentzia historiko guztiak Nafarroatik igarotzen dira, mende askoan ez baikara besterik izan», azaldu dute Iriaun Elkartetik.

Bestalde, apirilaren 25ean Aitzol Altunarekin izango da solasaldia. Euskalduntze berantiarra: Hipo-tesia edo Hiper-gezurra izango da Altunak landuko duen gaia. «Orain dela hilabete batzuk, ETBn, 'Baskoniako Historia bat' saioan Euskalduntze berantiarra izeneko atala eman zuten. Kapitulu horrek zer esan handia eman zuen. Euskalduntze berantiarra hipotesiaren arabera, lurralde honetan —orain Euskadi deitzen dioguna—, aspaldi batean euskaldunik ez zegoen; zelta edo beste hizkuntza indoeuropar bat hitz egiten omen zen. Euskara, Pirineo iparraldean hitz egiten omen zen, ez hemen. Aitzol Altunak, hipotesi horrek sortu duen auziari buruz hitz egingo digu, berak ezagutzen dituen datuak mahai gainean jarriz», eman dute azalpena Azkoitiko Napar Zuzterrak taldeko kideek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide