Urola Lanbide Eskola BHIk izen aldaketa eta marka berria aurkeztu ditu: Izarraitz Lanbide Heziketa

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 27a, 10:53

Urola Lanbide Eskola BHIk iazko ekainean aro berri bati ekin zion, bere aktibitatea Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIren baitatik bereiziz eta bere ibilbideari soilik Lanbide Heziketako eskola gisa ekinez. Bailarako hezkuntza mapan, zentroaren izena eta izana indartzea zituen helburu bereizketak. Fase berri horretan, Urola Lanbide Eskola BHIk izen berria aurkeztu du ofizialki eta hemendik aurrera Izarraitz Lanbide Heziketa deituko da. 'Guztiona, guztiontzat!' lelopean, irudi berria ere badu zentroak, koloretako moduluz osatua.

 

Izarraitz Lanbide Heziketa izen berriarekin bilatzen dena da eskola erreferentziazko zentro bihurtzea Urola Erdian eta ahal den heinean, Zumairaino luzatzea bere jarduera eremua. «Izen hori aukeratu dugu, hain justu, bailara izaerari eusten diolako eta hori da azpimarratu nahi duguna. Bestalde, 'Urola' izena eskola gehiagok darabilte eta ezberdintzeko balioko digu», dio Eduardo Sudupe zuzendariak.

Izen aldaketaz gain, webgune berria du eskolak (www.izarraitz.eus) eta baita sare sozialetan presentzia ere. Facebook, Twitter eta Instagram erabiliko dituzte. Helburua da zentroari ikusgarritasuna ematea eta informazio eta interakziorako bideak eskaintzea.

Kanpora begira irudi berria aurkeztearekin batera, barruan ahaleginak beste bide batetik doaz. Formakuntza eskaintza egokitu nahi du eskolak egungo errealitatera eta beharretara egokituz, ateratzen diren ikasleeen profila bat etor dadin enpresen beharrekin.  

Eusko Jaurlaritzarekin bilera

Eduardo Sudupe zuzendaria Jaurlaritzako Lanbide Heziketako plangintza eta antolakuntzako zuzendari den Nicolas Sagarzazurekin bildu da. Halaber, proiektuari euren babesa erakusteko Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobide eta Sidenor eta Odrinox enpresetako ordezkariak, Cruz Alberdi eta Edurne Odriozola izan dira bileran, hurrenez hurren. Enpresa Gunearen izenean joan dira Alberdi eta Odriozola. Bertan jorratu duten gaietako bat izan da formakuntza eskaintzaren egokitzapena bailara ikuspegitik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide