Azkoitiko Aste Santuetako egitaraua

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 26a, 17:32
Aste Santuko ohiko egitarauaren osagarri, bisita gidatuak ere antolatuko dituzte.

Azkoitiak, Hondarribia, Segura eta Pasaiako herriekin batera, Aste Santua aurkeztu du Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzado buru dela, prentsaurrekoa eman dute antolatutako ekintzak iragartzeko eta tokian tokiko kultur tradizioen berri emateko, Aste Santuaren izaera turistikoa aldarrikatuz.

 

Juan Bautista Mendizabal antolakuntza taldeko kidea izan da bertan. Aste Santuak duen interes turistikoa eta erlijiosoa azpimarratu ditu eta baita Azkoitian hartzen duen ukitu herrikoia ere. 300 bat boluntariok hartzen dute parte ekimen ezberdinetan. «Azkoitiko Aste Santuaren liturgia beti nabarmendu izan da barneratze eta duintasun giro apartekoagatik. Zeremoniek balio sinbolikoa eta adierazkorra dute, batez ere ohitura polifoniko aberats batetik datozelako eta Pasioaren antzezpenaren inguruan sortutako ondare historikoaren oinordeko direlako», dio Mendizabalek.

Halaber, «esperientzia erlijioso-turistikoari» egin dio erreferentzia. Izan ere, bisitariei aukera ematen zaie Azkoitiko prozesioetan parte hartzeko. Horretarako, Turismo Bulegora edo Udaleko Kultura sailera deitu behar dute.

Aste Santuaren une gorena Ostiral Santu egunean izan ohi da. Bi prozesio ospatzen dira egun horretan. Arratsaldeko 18:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzarena, eta gaueko 21:30etik aurrera, Hilobirako Prozesio Santua. Intsentsu usaina, Chopinen hileta-martxaren doinuak, armatuen lantzen danbadak eta Aldalur konpositore azkoitiarraren Agur obraren musika jabetzen dira kaleez,  herritarrek kandelak eramaten dituzten bitartean.

 

Aste Santuko egitarau osoa egunez egun

 

Bisita gidatuak

Udalak urtero Aste Santuko ohiko egitarauaren osagarri, bisita gidatuak antolatzen ditu Azkoitiko ondare historiko, artistiko eta kulturala balioan jartzeko. Ondorengo proposamenak jasotzen ditu aurtengo egitarauak:

Martxoak 29

12:30ean: Bisita gidatua. Andre Maria Jasokundearen Eliza Nagusia eta Aste Santuko irudiak.

Martxoak 30, Ostiral Santua

12:30ean: Bisita gidatua. Azkoitiko Gune Historikoa (multzo monumental izendatua).

Martxoak 31, Pazko Bezpera

12:30ean: Bisita gidatua Intsausti Jauregian. Zalduntxoen Azkoitia.

Apirilak 1, Igande Santua

12:30ean. Bisita gidatua. Azkoitiko Inaziotar guneak.

Informazio gehiago:

i-loiola@urolaturismo.eus – 943 15 18 78

kultu@azkoitia.eus – 943 85 71 70

 

Bisita gidatuen egitaraua egunez egun

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide