Sendagaien erabilera hobetzeko programarekin bat egin du Azkoitiak

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 22a, 11:31
Argazkian, Udaleko ordezkariak, herriko farmazietako ordezkariak, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzaren farmazia zuzendaria.

Eusko Jaurlaritzaren farmazia zuzendari Iñaki Betolazak, Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Angel Garayk akordio bat sinatu dute gaur goizean Azkoitiko udaletxean, eta, horren bidez, Azkoitiak ere bat egingo du Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin.

 

Gipuzkoan, 36 udalerri daude programaren barruan, eta 261 farmazia daude horretarako prestatuta lurraldean, % 91.  Euskadin, 145 udalerrik eta 329 farmaziak parte hartzen dute egitasmoan, eta 800 paziente ingururi laguntzen diete.

Mota horretako programak «oso garrantzitsuak» direla azaldu dute «tratamendu farmakologikoen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, pazienteen eta haien senideen mesederako dena». Izan ere, kalkulatzen da gaitz kronikoak dituzten adinekoen % 50-60ak ez diola tratamenduari egoki jarraitzen.

Horregatik, Azkoitiak gaur ezarri duen programaren xedea da sendagaiak eskuratzea errazagoa izatea eta tratamendua zuzen betetzen dela ziurtatzea. Halaber, farmaziek etxez etxeko laguntzailea eta/edo zaintzailea eskainiko dute sendagaiak erosi, kontserbatu eta administratzearekin lotutako alderdi guztietarako.

Funtzionamendua

Udaleko Gizarte Zerbitzuen zuzendaritzak aukeratzen du nork parte hartuko duen, eta erabiltzaileek baimena eman behar dute, programan sartu aurretik.  Ondoren, erabiltzaileak farmazia bat hautatzen du, eta elkarrizketa egiten zaio, hartzen dituen sendagaiei eta dituen osasun arazoei buruzko informazio guztia biltzeko. Hamabost egunez behin edo astean behin, farmazialariak sendagaiak dosi pertsonalizatuetan prestatzen ditu, eta erabiltzaileari emango dizkio.

Programak dosifikazio sistema pertsonalizatuak erabiltzen ditu, pazienteak egunaren une bakoitzean hartu behar dituen konprimatuak eta dosia zuzen hartzeko behar den informazioa jasotzeko.

145 eta 712 farmazia egiaztatu EAEn

Gipuzkoan, behin Azkoitiak bat eginda, programaren barruan 36 udalerri egongo dira guztira. Gipuzkoan, egitasmoak 155.000 euroko aurrekontua dauka 2018rako.

Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 145 udalerrik bat egin dute jada, eta 712 farmazia daude egiaztatuta; horietatik, 329 farmaziek pazienteak dituzte. Gaur egun, etxez etxeko laguntza zerbitzuko 800 erabiltzaile baino gehiago baliatzen dira sendagaien erabilera hobetzeko programaz, eta 352.200 euroko aurrekontua izango du 2018rako.

 

Eusko Jaurlaritzaren farmazia zuzendari Iñaki Betolaza, Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Angel Garay.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide