Alokairu sozialeko etxebizitzetarako diru laguntzak eska daitezke

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 21a, 16:56

Udalak martxan ditu alokairu sozialera bideratutako etxebizitzentzako diru laguntzak, bai Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko, bai etxearen berritze lanetarako. Diru laguntza horiek eskuratzeko derrigorrezkoa da etxebizitza Bizigune edo Asap programetan sartzea, alokairu soziala sustatzeko xedez.

 

Halaber, ezinbestekoa da alokatu nahi den etxebizitza Azkoitian kokatuta egotea. Interesa dutenek urte osoa dute eskaera aurkeztu ahal izateko.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari dagokionez, diru laguntza gastuen %75ekoa izango da (BEZ barne) eta gehienez 200 eurokoa.

Etxebizitzak eraberritzeko, berriz, diru laguntza obren kostuaren %50a izango da (BEZ-a ez da kostu lagungarritzat hartuko) eta gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izango da etxebizitza Azkoitiko Alde Zaharrean kokatzen bada, alegia, Monumentu Multzoaren baitan, eta 4.000 eurokoa, gune horretatik kanpo egonez gero. Hala ere, obren helburua irisgarritasuna hobetzea baldin bada, laguntzak %60a estali ahalko du, gehieneko mugak 10.000 eurokoa eta 5.000 eurokoa izanik kokapenaren arabera.

GAOko iragarkia

Laguntzen laburpena

Beste diru-laguntza batzuen adierazpena

Bizigune programarekin konpromiso adierazpena

Eranskina I

Eranskina II.1

Eranskina II.2

Eranskina III

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide