Tomas Soraluze 'Epelde': «Sanjosetako jaialdiak indar handia eman dio soinu txikiari»

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 16a, 15:25
Tomas Soraluze 'Epelde', trikitilaria.

Gaur, martxoak 16, urte bat gehiago bete du Tomas Soraluze Balentziaga 'Epelde' (Azkoitia, 1945) trikitilariak, baina oraindik sasoian jarraitzen du noizbehinka soinua jotzen, eta bihar Azpeitian izango da sanjosetako jaialdian. «Gustura» jaso du hara joateko deia. Gainera, hainbat gaztez inguratuta izango da; bera izango da beteranoena.

 

Sanjosetako jaialdian izango zara, hainbat trikitilari gazteren artean. Gogotsu al zaude?

Bai; gustura joango naiz jaialdira. Hala ere, ez da seinale ona beteranoena izatea. Orain arte ez nuen horrelakorik pentsatzen, baina iritsi egin da. Gazteen artean ibiltzea beti izan dut gustuko, eta ea nola ateratzen den.

Sanjosetako jaialdia berezia da trikitilarientzat. Zerk egiten du berezi jaialdi hori?

Bai, berezia da. Alde batetik, hara joateko aurrez ondo prestatu behar da, eta bestetik, urduri ere jartzen da bat han. Jende asko izaten da begira, denak zuri entzuteko jarrita, eta horrek urduri jartzen du. Plazan errazago moldatzen naiz. Sanjosetako jaialdiak indar handia eman dio soinu txikiari.

Aurten antolatzaileek trikitiak segida baduela erakutsi nahi dute, eta trikitilari gazteen aldeko hautua egin dute. Nolako etorkizuna ikusten diozu trikiti munduari?

Ona. Trikitilari asko dator; gazte mordo bat ari da soinua ikasten. Emakumeak asko, gainera. Dantzariak ari dira jaisten, eta horrek pena ematen dit. Gu gazteak ginenean, soinua jotzen hasi aurretik, jendea dantzan hasteko zain izaten genuen. Orain, ordea, hori falta da. Gazteek ikasi egin beharko dute jende askorik gabe soinua jotzen. Gu, jende aldetik, erromeria galantak egindakoak gara.

Nolatan hasi zinen gaztetan soinua jotzen?

Aitak bere soinua zuen etxean, eta anaia zaharra hasi zen jotzen gurean lehendabizi. Gero ni hasi nintzen haren atzetik, zazpi bat urterekin, soinuari eusteko lain nintzela. Etxean soinua zegoelako hasi nintzen jotzen. Donostiako Larrinagatik alokairuan hartutako soinua zen aitarena. Salduta dut orain. Honezkero 100 bat urte izango ditu soinu hark. 21 botoiko soinua zen, 23 izan ordez. Diese bikoitzak falta zitzaizkion. Belarriz atera behar izaten nituen orduan piezak. 17 urte bete baino lehen, falta zituen dieseak jartzera eraman nuen soinua Donostiako Larrinaganera.

Trikitilari konposatzailea izango zinen zu.

Oraingoek erraztasun handia dute musika konposatzeko, musikako ikasketak ere badituztelako. Dena eskura dute. Gure garaian, ordea, zaila zen piezak sortzea. Besteei jotzen entzun eta buruan gordetzen nuenarekin, gero etxean ikasi behar izaten nuen jotzen. Askotan, gainera, aurreko egunean ikasitakoa ahaztu egiten zitzaidan; batzuetan gogoratzen nuen gerora, baina ez beti. Irratia ere, 17 urterekin ezagutu nuen etxean.

Aspaldian plazak utzita dituzu; zer dela-eta utzi zenion plazetan jotzeari?

Lepo atzean mina izaten nuen askotan, desgastea dut. Lau orduz-eta trikitia jotzen aritzen nintzenean mina hasten zitzaidan. Bestelako gaixoaldi bat ere izan nuen, eta, azkenean, plazetatik aldentzea erabaki nuen.

Hala ere, deitzen al dizute?

Bai; oraindik ere deitzen didate [barrez]. Behin jotzeari utziz gero zaila da, ordea. Gainera, etxean ere ez dut jarduten. Lehen ere ez nintzen zenbait bezalako jotzailea izan etxean; jardun egin behar da hainbeste denboran jotzeko.

Ibilbide luzea duzu trikiti munduan. Nolako oroitzapenak gordetzen dituzu?

Martirietan urte asko egondakoa naiz. 17 urterekin Errezilen hasi nintzen soinua jotzen, eta urte askoan ibili nintzen. Aristerrazun ere asko jotakoa naiz. Ipar Euskal Herrira ere joaten ginen. Bidarrain, esaterako, 15 urtean ibili ginen. Gain bat da, polit askoa. Uztail aldean, gauez egiten zen festa, eta sekulako jendetza elkartzen zen.

Zer eman dizu trikitiak?

Lan asko eman dit, eta hori ere beharrezkoa da. Zortea izan dut. Urte osoan erromeria asko izaten ziren gaztea nintzela, eta gelditu gabe ibiltzen nintzen jotzen. Soldadutzara 22 urterekin joan nintzen, eta 24 urterekin itzuli nintzen. Burni enpresa batean lanean hasi nintzen, soinuarekin batera partekatuz. Erromerietan makina bat gaupasa eginda joandakoa naiz lanera astelehen goizetan. Gero lantegia itxi zen, eta soinuari esker egin nuen aurrera, 32 urtetik 46 urtera. Erretiroa hartu aurreko azken urteak, berriz, beste lantegi batean egin nituen.

Epelde familia beti trikitiari lotutakoa izan al da?

Bai; nire izeba Luzia zenak ere jotzen zuen soinua, pentsa. Ni bezala bere kasa ikasitakoa zen izeba ere. Hark, ordea, botoi-errenkada bakarra erabiltzen zuen soinua jotzerakoan.

Tomas Soraluze, bere aita Joxe Mari eta Aitor Epelde ilobarekin.

Zein trikitilariri begira egoten zinen gaztetan?

Martirietara joaten zirenei begira egoten nintzen: Sakabi zenari, Maltzeta zenari, Zendoia zenari, Lajari… han haiei entzun eta gero, etxean ikasten nuen, neure kasa.

Eta gazteen artean, norbaitek deitu al dizu arreta?

Orain gazte denak dira onak. Gazteek behatzak arin erabiltzen dituzte. Soinua jotzeko modua aldatu da gure garaitik. Askotan egoten naiz pentsatzen guk lehengo pieza zaharrak famatzen jarduten dugula, baina orain gaur egungo pieza baten ondoren lehengo bat joko bagenu, hutsa emango luke. Bestela, plazarako askoz ederragoak dira lehengo piezak.

Soinua jotzeari ez diozu utzi oraindik. Noiz eta non jotzen duzu?

Orain oso gutxi jotzen dut. Azpeitiko jaialdirako deitu zidatenean hartu beharra izan nuen. Urtebete egon naiz soinua eskuetan hartu gabe. Erraz uzten da, eta gero behin utzita ez du hartzeko gogorik ere ematen.

Hainbat disko kaleratu dituzu. Kupela kantak oihartzun handia izan zuen Euskal Herri osoan. Nola oroitzen dituzu sasoi haiek?

Bai, ez genuen inolaz ere pentsatzen horrelako arrakasta lortuko zuenik Kupela kantak. Gelditu ere egin gabe ibiltzen ginen, alde batetik bestera. Agenda gainezka izaten genuen garai hartan. Lana eta soinua biak batera eraman behar izaten nituen, eta gogorra zen hori. Lorik egin gabe ibiltzen nintzen askotan. Kanpotik erraz eramaten nuela uste zuten askok, baina barruak erreta izaten nituen askotan. Erretiroa hartu nuenean, berriz, dena uzteko gogoa sartu zitzaidan.

Erromeria bat aukeratzekotan, zeinekin geldituko zinateke?

Aiako Aristerrazukoarekin. Hura dago nagusi oraindik ere. Erromeria asko ari dira galtzen gure garaitik. Orain, lehen ez bezala, kalean ibiltzen dira askotan trikitilariak. Horrek laguntzen du, baina gazteek kasu gutxiago egiten diete trikitilariei; beste musika mundu batean sartuta daude. Gu gazteak ginela, berriz, trikitia besterik ez zegoen, eta denak dantzarako zain izaten ziren. Baina mundua aldatu egiten da.

Aisialdian trikitia entzuteko joerarik ba al duzu?

Derrigorrean denean bakarrik, bestela batez. Nonbaiten jo behar badut grabagailuan grabatzen dut neuk jotakoa, eta ondo jotzen ikasteko hura entzun eta entzun aritzen naiz.

Gaur egungo trikitilariak eskoletan formatutakoak dira. Zuk formakuntza horren hutsunea antzeman al duzu inoiz?

Bai, musika ikasketak izateak asko laguntzen du soinua jotzeko. Baina, hala ere, nik beti esaten dut belarririk gabe alferrik dela.

Noiz arte ikusten zara soinua jotzen?

Urteetan aurrera noa, eta kontuak izango dira soinuari jarraitzen. Sanjosetakoa bezalako beste jaialdiren baterako deitzen ez badidate behintzat, dena uzteko ez dut nik asko falta [barrez]. Erraz uzten diot nik eta. 

Zer izango da Epelde trikitirik gabe?

Sekula ez dut horrelakorik pentsatu. Askotan entzun izan dut gauza ez garenean erakartzen duela gehiena soinuak. Hori pentsatzen egoten naiz: 'Agian, gauza ez naizenean egongo naiz soinua jotzeko irrikaz'. Esaterako, 16 urte baino gutxiago nituela, gogo handia izaten nuen soinua jotzeko. Izan ere, amona zena hil zenean, gure etxean urtebetez kutxa batean gordeta eduki zuten soinua aita zenak eta ama zenak. Nik orduan nuen soinua jotzeko gogo hura ez dut gerora inoiz sentitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide