Hezkuntza publikoaren kalitatea aldarrikatzeko greba egin dute Azkoitiko hainbat irakaslek

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 15a, 15:48
Azkoitia BHI eraikina.

Hezkuntza publikoko greba deialdian, hainbat lagunek egin dute greba bi egunetan Azkoitian, hezkuntza publikoaren kalitate hobeagoa aldarrikatzeko. Maxixatzeni hiru zentroetako ordezkariek emandako datuen arabera, irakasleen %70 inguruk egin dute greba Azkoitia BHI Institutuan, %12 inguruk Xabier Munibe Haurreskolan eta %72 Xabier Munibe HH-LHn. 

 

Azkoitia BHI Institutuko irakasleen grebaren eraginez, bestealde, ikasleen % 85-90 inguru ez dira geletara hurbildu, eta ondorioz, ez dute izan jangela edo garraio zerbitzurik.

Hezkuntza Sailari hainbat hobekuntza eskatzen dizkiote hezkuntza publikoko irakasleek. Steilas, LAB eta ELA sindikatuek babestu dute greba deialdi, eta hiriburuetan kaleetan milaka lagun bildu dira manifestazioetan.

Sindikatuetako ordezkarien iritziz, grebaren arrakastak «zuzenean interpelatzen du» Hezkuntza Saila. Miren Zubizarreta ELAko ordezkari azkoitiarrak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren «estrategiak huts egin» duela: «Grebaren datuak mantentzen dira; hau da, mobilizazioei zilegitasuna kentzeko ahaleginek ez dute funtzionatu. Grebaren erantzuna ikusita, negoziazio mahaietan edukiak jarri behar dira. Hezkuntza publikoaren beharrei erantzuten dieten proposamenak jarri behar dituzte mahai gainean».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide