Elkarguneko igerilekuak handitzeko dauden alternatibak aurkeztu ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 14a, 15:01
Alternatibak aurkeztu zituzten eguneko irudia. (Argazkia: Udala)

Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura enpresak Zubiaurre Elkarguneko igerilekuak handitzeko egon daitezkeen alternatiben azterketa egin du, eta aurkeztu dira aukerak. Hiru hilabeteren ondoren, dokumentuak igeriketako instalakuntzak handitzeko edo birkokatzeko bost alternatiba jasotzen ditu. Alternatiba guztietan «zortzi kaleko igerilekua bermatzeko ahalegina» egin dute, Udaletik azaldu dutenez. Udaletik jakinarazitakoagatik, «egindakoa abiapuntu bat da, baina ibilbide luzeko proiektua da duen kostu ekonomiko altuagatik».

 

Martxoaren 7ko Hirigintza Batzordean, Sestra enpresako arduradunek alternatiba ezberdinak aurkeztu zizkieten alderdi guztietako ordezkari politikoei, Instalakuntza Duinak Orain plataformako eta Zubiaurre Igeri Elkarteko kideei.

Aztertutako bost alternatiben artean, txostenak horietako baten aldeko apustua egiten du. Onesten den aukera horren arabera, igerileku berriaren basoa egungo belar artifizialeko futbol zelaian kokatuko litzateke, «oraingo igerilekuetatik hurbilen dagoen gunea litzatekeelako». Orain dauden igerilekuak mantendu egingo direla azaldu dute. Horrekin batera, futbol zelaia kanpoko saskibaloi pista dagoen tokira lekualdatuko litzateke. Esku-hartze horrekin, kanpoko saskibaloi pista galduko litzateke. «Egia da ez duela erabilera handiegia, eta barruko jokalekua indartu dela hainbat hobekuntzarekin» azaldu dute udal ordezkariek horren harira.

Alternatiba horrek zortzi kaleko igerilekua aurreikusten du, 1,40 metroko sakonera uniformearekin. «Eragile nagusia estalduraren eta instalakuntzaren itxieraren gainkarga da». Aukera horrek «balio bereizgarri bat» du irisgarritasunari dagokionez; igogailua eraikiko litzateke aldageletatik. Alternatiba horren aurrekontua 1.538.073 eurokoa da, eta adierazi dutenez, «horrek finantziazio bilaketan esfortzu handia eskatzen du». Udala aztertzen ari da 2019ko aurrekontuetan lehenengo partida bat jartzea «proiektua bideratu ahal izateko», baina jakinatazi dutenez, «ezer ez dago itxita».

Beste alternatibak

Beste alternatiben inguruan «baztertzeko hainbat arrazoi» daudela esan dute Udaletik. Albo batera utzitakoen artean, lehenengo aukera proposatzen du gaur egungo eraikina handitzea Beidazar eta Xabier Munibe kaleetarantz, oraingo fatxada eraitsiz. «Bideko zirkulazioan izango lukeen eragina, duen kostua lortzen den hobekuntzarekin konparatuz, eta gainera, hamabi hilabetez igerilekurik gabe egon beharko litzatekeelako baztertzen da, besteak beste». Alternatiba horrek 1.034.966 euroko aurrekontua izango luke.

Baztertutako bigarren alternatibak, bestalde, proposatzen du igerileku berriaren basoa gaur egungo barruko pistan kokatzea. Horretarako, kanpoko saskibaloiko pistetan erabilera anitzeko eta estalitako beste pista bat eraiki beharko litzateke. «Ahokadura geografiko eta eraginkortasun zailak ditu, bai exekuzio eta bai erabilera faseetan». Estimatutako aurrekontua 2.169.511 eurokoa da.

Aldeko baloraziorik ez duen hirugarren aukera, berriz, igerilekua egungo barruko kirol pistaren gainean eraikitzea litzateke, igerilekuaren basoaren kota jaitsiz, eta beste planta bat altxatuz kirol pistarentzat. 2.421.784 euroko kostua du alternatiba horrek, eta azaldu dutenez, «funtzionalitate eta irisgarritasun eztabaidagarriak». Gainera, denbora batez, «hemezortzi bat hilabete gutxi gorabehera», kirol pistak ezingo lirateke erabili.

Kanpoan utzitako laugarren alternatibak, azkenik, Ugarte Igarako kanpoko igerilekuak berritzea aurreikusten du. Gaur egun dagoen igerilekuari forma aldatu eta arauzko zortzi kaleko beste igerileku errektangular bat eraikitzea proposatzen da. «Horrek egungo eraikinen ondoan beste eraikuntza bat altxatzea eskatzen du», azaldu dute udal ordezkariek. «Aukera hori baztertzeko arrazoi nagusia da zerbitzuen mantenimenduan eragingo lukeen duplizitatea». 1.613.837 euroko proiektua da. Lan horrek uda batean kanpoko igerilekurik gabe gelditzea ere ekarriko lukela adierazi du Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide