Gipuzkoa Encounter topaketak 3.200 lagun elkartu ditu

Gipuzkoa Encounter topaketak 3.200 lagun elkartu ditu

 

Inoiz baino lagun gehiago, 3.200 bisitari inguru, elkartu ditu Tolosan asteburuan, informatikaren bueltako topaketak gauzatzeko.

 

 

Informatikaren eta teknologia-zaleen topaleku izan da Gipuzkoa Encounter beste behin. Aurreikuspen guztiak gaindituta, parte-hartze marka berria ezarri du, 3.200 lagun elkartu baitira, partaideak eta bisitariak batuta.

Ekimenak hiru egun hirain ditu, eta publikoarentzat zabalik egon den guneak zale asko elkartu ditu. Horri esker, orain arteko jendetsuena izan da aurtengo ekimena. Antolatzaileak oso pozik agertu dira, haien esanetan «erabateko arrakasta» izan duelako. Markel Olano diputatu nagusiak bere aldetik adierazi du «ekimen isolatu bat izatetik, egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin gero eta lotuago» egotera igaro dela.

Prestakuntza ekintzen eskaintzari esker, ezagutzak partekatzeko aukera izan dute bertaratuek informatikaren gaineko segurtasuna, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan.

Tolosa, teknologiaren epizentro

Ohiko 600 parte hartzaileez gain, 2.600 bisitari hurbildu dira Tolosako informatika-partyra. Horrela, asteburu batez, Euskadiko teknologiaren epizentro bilakatu da Gipuzkoako udalerria. 600 metro koadroko zona irekian, Opengunean, hainbat gaitaz ikasteko aukera izan da: segurtasun informatikoa, zibersegurtasuna, datu pertsonalen babesa, droneak, robotika edota datuen analisia, besteak beste. Era berean, etxeko txikiek doako tailerrak izan dituzte robotikan eta led argien programazioan trebatzeko. Eta bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini dituzte.

Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da Gipuzkoa Encounter. Izan ere, ezaugarri hauek ditu: segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa. Azpiegitura hauek aprobetxatuz, super-ordenagailu bihurtu da Tolosako Usabal kiroldegia.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.