Beste protesta ekitaldi bat, pentsio duinak eskatzeko

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 12a, 12:39
Gaurkoa ere protesta jendetsua izan da.

Gaurkoan ere ehunka pentsiodunek egin dute bat pentsio duinen aldeko elkarretaratzean. Astero, astelehenetan, plazan biltzen dira protesta egiteko, eta gaur bosgarrenez elkartu dira. Datorren astelehenean ere 12:00etan herriko plazan jarri dute hitzordua pentsio duinen alde protesta egiteko, eta bertaratutakoei gainerako herritarrak elkarretaratzera gonbidatzeko eskatu diete.

 

Espainiako Gobernuak pentsioetan ezarri duen %0,25eko igoera salatzeko eta KPIaren igoera aldarrikatzeko irten dira plazara azkoitiarrak, beste behin.

Autobusa Donostiko manifestaldirako

Elkarretaratzearen antolatzaileek jakinarazi dute datorren zapatuan, Donostian, pentsio duinen aldeko manifestaldia egingo dela 18:00etan, eta bertara joateko autobusa jarriko du Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteko zuzendaritzak. Izena emateko epea bihar irekiko da, eta bidaiaren prezioa zortzi eurokoa izango da. 16:30ean irtengo da autobusa Liburutegi paretik, eta itzulerako ordua 19:30ean jarri dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide