Nerea Dominguez: «Igeriak nire mugak aurkitzen eta nigan gehiago sinesten lagundu dit»

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 12a, 17:47
Nerea Dominguez, erdian.

Nerea Dominguez Azpeitia (Zarautz, 2005) Zubiaurre Igeri Elkarteko kidea da, eta datorren asteburuan Espainiako Txapelketa jokatuko du Castellon (Espainia). Azkoitiarrak Azpeitian jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lortu zuen Espainiako Txapelketarako sailkatzea, 400 eta 800 metro krol estiloan. Final horren atarian, Maxixatzenen galderei erantzuteko tartea hartu du Dominguezek.

 

Noiztik zara Zubiaurre Igeri Elkarteko kide?

Igerian ikasten lau urterekin hasi nintzen, baina Zubiaurre Igeri Elkarteko kide Lehen Hezkuntzako lehen mailatik naiz.

Zergatik eman zenuen izena?

Nire aitak eman zuen izena ni igerian aritzeko, bera ere igerilaria izan baitzen. Urteak pasatu ahala, hasieran derrigortuta joaten nintzen kirol hura gustuko nuela ohartu nintzen, eta oraindik hemen jarraitzen dut.

Zergatik duzu gustuko igeriketa?

Gehienbat lagun pilo bat egiten delako, bai taldean bertan, bai Donostian izaten ditudan teknifikazio saioetan, nire kasuan. Gainera, igeriak nire mugak aurkitzeko eta nigan gehiago sinesteko balio izan dit.

Nolako giroa duzue taldean?

Ezin hobea! Oso ondo moldatzen gara guztiok. Denok elkar laguntzen eta animatzen dugu, eta hori eskertzekoa da.

Banaka ala taldeka, nola nahiago?

Entrenatzen nahiz txapelketetan, nik taldean nahiago. Azken finean, nahiz eta igeriketa kirol indibiduala izan, taldean eginda dena dibertigarriagoa eta hobeagoa bilakatzen da. Nire aurrerapenak, gehienbat, taldeari esker egin ditut.

Zein estilotan moldatzen zara hobekien?

Krol estiloa dut gustukoena. Niretzat, estilo erosoena izateaz gain, ondoen bertan moldatzen naiz.

Azpeitian jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lortu zenuen Espainiako Txapelketarako klasifikatzea, 400 eta 800 metro krol estiloan. Nolako sentsazioekin amaitu zenuen proba?

Nekatuta bukatzeaz gain, irabazi edo galdu, momentu horretan irabazle sentitzen nintzen, dena eman bainuen. Une hori hitzekin deskribatzea zaila da. Nire lagunak poz-pozik zeuden, nire entrenatzaileak harrituta eta gurasoak oso gustura.

Martxoaren 17an eta 18an Castellon jokatuko den Espainiako Eskolarteko Txapelketan hartuko duzu parte. Gogotsu al zaude? Nolako aukerak ikusten dituzu?

Bai gogotsu nago, gogorik gabe ez baita ezer lortzen. Ikusten dudan aukera bakarra da nire denborak ahalik eta gehien hobetzea.

Amets bat?

Espainiako gutxieneko denbora egitea da. Baina amets hori oso urruti ikusten dudanez, oraingoz nire denborak hobetzera mugatuko naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide