Apirilaren 7an izango da aurtengo Haur Danborrada, 280 ume inguruk osatuta

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 9a, 11:39
2018ko Haur Danborradaren antolatzaileak.

Pazko asteko zapatuan, apilirak 7, izango da 2018ko Haur Danborrada, eta martxoaren 12an, datorren astelehenean, hasiko dira entseguak Gurea pilotalekuan. Guztira, 280 haur inguru irtengo dira aurtengo danborradan. Aurten, gainera, sukaldari jantziak berritu dituzte, lehengoak «zahartuta» zeudelako.

 

Umore Ona elkarteak, Udalak eta antolakuntza lanetan ibiltzen diren hainbat boluntariok ekin diete prestaketa lanei, eta atzo arratsaldean egin zuten Haur Danborradaren aurkezpena.

Entseguak

Datorren astelehenean, martxoaren 12an hasiko dira danborradako entseguak. Danborrada egunera arte, astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan izango dira Gurea frontoian 19:00etatik 20:00etara bitartean. Lehenengo egunean, astelehenean, danborradan aterako diren sei taldeetako kantineren, banderadunen eta zuzendarien zozketa egingo da. Zozketa egin ostean, entsegua hasiko da.

Martxoaren 19an, berriz, 18:15ean, LH1ekoen artean, karrozan aterako diren umeen zozketa egingo da eta baita danborrada irekiko duten kantinerena eta banderadunarena ere. Gainerakoek gastadore taldea osatuko dute. Jantziak egun berean banatuko zaizkie guztiei.

Halaber, sukaldariz jantzita atera nahi duten bost urteko umeek martxoaren 19an, 20an edota 22an izango dute aukera entseguetan izena emateko eta jantziak jasotzeko.

Sukaldari jantzi berriak

Umeen danborradan azken urteetan jantziak berritzen ari dira, aurrekoak zaharkituak geratu direlako. Aurten, sukaldari jantzia estreinatuko da, aurreko hiru urteetan, pilotari, zalduntxo eta abarketari jantziekin egin izan den moduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide