Emakumeen eta gizonen arteko desoreka agerian uzteko kanpaina abian

Babestutako albistea 2018ko mar. 9a, 09:42

Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina berria aurkeztu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Aurten ahalegin berezia egingo da emakumeak eta gizonak banatzen dituzten desberdintasunak agerian uzteko eta, horretarako, datu argigarri eta deigarrietan oinarrituko kanpaina bat egingo da.

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu du aurtengoa ez dela «ohiko kanpaina» izango, eta gaineratu du «guztion konplizitatea» bilatuko dela «urrats bat gehiago eman eta agerian uzteko, Gipuzkoan emakumeen eta gizonen artean dagoen desoreka nabarmena».

Soldata desoreka eta kontziliazioa

Kanpainaren muina, ordea, era guztietako datuetan oinarritzen da. Hain zuzen, datuak erabilita diputatu nagusiak berak nahi izan du Gipuzkoako egoera desorekatuaren lehen erretratua ematea eta, bereziki, lan eremuko eta kontziliazioaren esparruko datuetan oinarritu da. Hain zuzen bi arlo horietan eragin nahi da berdintasunari dagokionez, Aldundiak Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko estrategian. Iazko errenta kanpaina prestatzeko batutako datuekin eta 2016ko Euskadi mailako txostenaren datuak eskuan, mahaiaren gainen jarri nahi izan du soldaten arrakalaren gaia. Hala, 2016 urtean emakumeen bataz besteko urteko soldata 21.019 eurokoa zen eta 28.194 eurokoa gizonena. Diputatu nagusiaren esanetan «soldata-arrakalarena da desberdintasuna nabarien erakusten duen datuetako bat». 2005 eta 2016 urteen artean 5,4 puntutan murriztu da arrakala, hau da, 2005 urteko % 30,8tik, 2016 urtean diferentziaren ehunekoa 24,5 da. Olanorentzat, «argi dago arrakala murrizten jarraitzeko lanean jarraitu» behar dela. Kanpainak gaia ikuspegirik irekienarekin lantzen du, gizarte osoari begira. Izan ere, diputatu nagusiaren hitzetan, «aldaketa kultural baten aurrean aurkitzen gara, ohituren aldaketa bat, lanean, familian eta gizartean; aldaketa bat etorkizuneko Gipuzkoaren
ekonomiaren eta gizartearen oinarrietako bat izango dena».

Aldaketarako gakoetako bat, Olanok azaldu duenez, kontziliazio erantzunkidea da. Hain zuzen, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren ardatzetako bat da hori, bizitza laboral eta familiarraren arteko orekan eragin nahi duena, lanaren antolaketan eta kultura aldaketan eragiteko. Euskadin emakumeen %45ak murriztu ditu lan orduak seme-alabak izan dituenean eta soilik gizonen %5ak egin du. 2016ko datuen arabera, emakumeen %93k eskatu dituzte haurren zaintza burutzeko eszedentziak eta %83,2ak familia-kideak zaintzeko. Etorkizunera begira, diputatu nagusiak garrantzi handia eman die bi aspektu hauei. «Aldundian gure indarrak batu ditugu etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko eta legealdi honetan 30 esperientzia pilotu jarriko dira martxan enpresetan kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko». Aldi berean, Berdintasun Organoak martxan jarri du jada Kontziliazio Erantzukideko plana.

Kanpaina martxan

Dagoeneko jarri da martxan kanpaina informatibo berria eta martxoaren 20an Gipuzkoa.eus web orriaren barruan atal bat bideratuko da datu osagarriak publikatzeko. Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuneko Organoaren zuzendariak, Miren Elgarrestak, hiritar guztiak animatu ditu beren ikuspuntua eta datuetan oinarritutako esperientziak kontatzera, ondoren sare sozialetan partekatzeko. Elgarrestaren esanetan, «kanpainak ez du nahi mezuak paisaiaren parte izaten gelditzerik, horregatik azpimarratzen da desberdintasunaren gaia, gizonen eta emakumeen arteko desoreka, badaudelako hori erakusteko adibideak eta erakusgaiak nonahi». Gutxika datu gehiago bilduko dira sare sozialetan publikatzeko, #future5050 traolarekin. Martxoaren 20tik aurrera desoreka horren datuak eman ahalko dira sare sozialetan partekatzeko. Kanpaina guztia Gipuzkoa.eus/future5050 helbidean egongo da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide