Greba feministarekin bat egiteko, emakumeak kalera atera dira

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 8a, 11:56

Mugimendu Feministak Emakumeen Nazioarteko Egunerako, M8rako, deitutako greba deialdiarekin bat egin dute hainbat herritarrek. 11:00etan herriko plazan egin dute elkarretaratzea M8an Emakumeok planto lemapean.

Amonak, amak, irakasleak, ikasleak eta hainbat lantokietako eta erakundeetako herritar langile emakumeak elkartu dira herriko plazan. «Gora munduko emakumeak» eta «Gora borroka feminista» oihu artean egin dute ordu erdi inguru iraun duen elkarretaratzea. Bilkura txalo artean amaitu dute.

Ekitaldi gehiago, arratsaldean eta bihar

Arratsaldean, bestalde, beste ekintza batzuk ere izango dira. 18:30ean, esaterako, Sostenipe Talde Feministak deitutako elkarretaratzea egingo dute plazan, eta gero, 19:00etan poteo ibiltari autogestionatua trikitilariekin. Azkenik, 21:0etan, afari merienda autogestionatua izango da Matadeixen.

Udalak antolatutako ekintzen artean, berriz, 17:30an II. Adierazpen Lehiaketako sari banaketa egingo da 17:30ean Artxamendi Topalekuan. Emakumeen Nazioarteko Eguna gai moduan hartuta, 12 eta 18 urte bitarteko partaideei adierazpen bat egitea eskatu zaie, argazki, marrazki, bideo, bertso edo olerki bidez. Horien sari banaketa egingo dute Artxamendin.

Bihar, Lakrikun taldeak Prest gaude! antzezlana taularatuko du Elkargunean, 20:00etan. Idoia Uranga, Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi aktoreek trilogia bat egiteko asmoz, Greban gaude antzezlana egin zuten lehenengo eta Prest gaude! bigarren zatia da. Martxoaren 12ra arte, bestalde, Azkoitiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren aurkezpen-erakusketa egingo da Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide