Urrategi bidean kokatuko den Lidl eraikitzeko lanak hasi dituzte

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 6a, 19:09

Lidl kateak supermerkatu berria eraikiko du Urrategi bideko lurretan, eta hasi dituzte horretarako lanak. Lidl-ek 2016ko maiatzean erosi zituen Urrategi bideko bi lursail, bere negozioa tokiz aldatzeko. Beraz, lehengoa itxi egingo dute berria eraikitzen dutenean. Udalak Egurki Eraikuntzak, S.L. enpresari esleitu dizkio obrak, eta zortzi hilabeteko epean burutu beharko ditu lanak. Kostuak Schwarz talde alemaniarraren barruan dagoen Lidl supermerkatu kateak ordainduko ditu, horrela finkatu baitzen lursailen salmentaren kontratuan.

 

Udalak Urrategi bideko urbanizazio lanak esleitu zituen joan den urtarrilean, eta gune horretan kokatuko du Lidl kateak supermerkatu berria.

Konpainia alemaniarrak 2016an erosi zituen Urrategira bideko (32 sektorea) bi lursailak, eta bera arduratuko da lursailaren urbanizazio kostuez. Lanek 1.730.338 euroko aurrekontua izango dute, eta zortzi hilabetetako epea amaitzeko. Supermerkatu kateak eraikina eraiki eta ingurua urbanizatu beharko ditu.

Lidl-eko Higiezinen Gerente Carlos Vallejok, Hedapen buru Juan Luis Gueretak eta Ipar Ordezkaritzako Zuzendari Juan Sanromak adierazi dutenez, lekualdatzeak lanpostu berriak sortuko ditu: «Oraingoan hamaika lagun egongo dira lanean, eta establezimendu berrian hogei bat beharko ditugu». Bestalde, orain arte bezala deskontuen estrategiarekin jarraituko dutela gaineratu dute prezioetan lidergotza ez galtzeko.

2017ko abuztuan Urrategi bideko hiritartze lanen adjudikaziorako prozedura abiatzea onartu zen Udalaren osoko bilkuran, EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin. EH Bilduk aurkako boza eman zuen, hau argudiatuz: «Ez zaigu iruditzen halako gune batek herriko merkatari txikiei mesede egingo dienik».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide