Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, hainbat jarduera ireki antolatu ditu Udalak

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 6a, 09:20

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu berdintasunaren bidean lanean jarraitzeko.

 

Martxoak 6an, asteartean, Volar dokumentala proiektatuko da eta ondoren protagonistekin solasaldia egingo da Elkargunean, 18:00etan. Bertha Gaztelumendik zuzendutako pelikulak indarkeria jasaten duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen ditu.

Martxoak 8an, osteguna, II. Adierazpen Lehiaketako sari banaketa egingo da 17:30ean Artxamendi Topalekuan. Emakumeen Nazioarteko Eguna gai moduan hartuta, 12 eta 18 urte bitarteko partaideei adierazpen bat egitea eskatzen zaie, argazki, marrazki, bideo, bertso edo olerki bidez.

Martxoak 9an, ostiralean, Lakrikun taldeak Prest gaude! antzezlana taularatuko du Elkargunean, 20:00etan. Idoia Uranga, Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi aktoreek trilogia bat egiteko asmoz, Greban gaude antzezlana egin zuten lehenengo eta Prest gaude! bigarren zatia da.

Egitaraua osatzeko, martxoaren 5etik 12ra, Azkoitiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren aurkezpen-erakusketa egingo da Elkargunean.

Jarduera guztiak irekiak dira eta doakoak.

 

Adierazpen Instituzionala eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana

Aste honetan egindako Udal Osoaren Ohiko Bilkurak bi erabaki onartu ditu. Batetik, martxoaren 8aren inguruko Adierazpen Instituzionala eta bestetik, Azkoitiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana.

Planak lau lan ildo jasotzen ditu: Gobernu onerako neurriak, emakumeen ahalduntzea, eraldaketa ekonomikoa eta soziala eskubideak bermatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko neurriak. Ekintza plana landu da helburuak aurrera eramateko.

Bestalde, onartutako adierazpen jasotzen duen moduan, Udala «konprometitzen» da, besteak beste, «sentsibilizazio programak garatzera, udal politiketan genero ikuspegia txertatzera edota berdintasunezko gizartea eraikitzeko kultura-aldaketa sustatzera».

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide