Javier Zubizarreta izango da EAJren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan

Javier Zubizarreta izango da EAJren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan
Javier Zubizarreta.

Azkoitiko Uri Buru Batzarrak aho batez onartu du hautagaitza 2019ko udal hauteskundeetarako eta beraz, Javier Zubizarreta egungo Azkoitiko alkateak agintean jarraitzeko aukera izango du 2019-2023 legealdian. EAJ alderdiak «balorazioa oso positiboa» egin du eta bere esker ona adierazi nahi izan dio Zubizarretari «orain arte egindako lanagatik eta aurrerantzean horrela jarraitzeko erakutsitako prestutasunagatik».

 

Legealdi honetan herriak «beste itxura bat» hartu duela azaldu du alderdi jeltzaleak: «Txukunagoa, atseginagoa eta irisgarriagoa; Idiakez Ederra etxeari irtenbidea eman zaio; Hizkuntza Eskola ofiziala Azkoitira ekarri da; Hurkoak bulegoa zabaldu du plazan; Azkoitia Lagunkoia jarri da martxan; parke estaliaren proiektua aurrera doa, eta abar».

Egindako lana «ez dela makala izan» gaineratu dute. «Herri bat ez da oinordekotzatik bizitzen, eguneroko lanetik baizik», esan dute. Datozen urteetan, ardura hori Zubizarretak «zuzen» beteko duenaren segurtasuna duela esan du Azkoitiko EAJk, eta herria «bide onetik eramango duenaren konfidantza osoa» duela. Horregatik, alderdiak «bere babesik irmoena» emango diola azaldu du.

Javier Zubizarretak 2015eko ekainean hartu zuen alkate kargua. Ordura arte, beste bi bazkiderekin batera sortutako enpresan egin zuen lan. Jakina denez, Anaitasuna Futbol Klubaren presidentea izan zen bost urtez eta Parrokiako Abesbatzako kidea da.

Udaletxean daramatzan urteak «erronka berriei heltzeko nahia areagotu» diola esan du Javier Zubizarreta EAJren alkategaiak: «Lau urteko agintaldia laburregia da zenbait proiektu gauzatuta ikusteko. Asko bideratu ditugu, eta herritarren konfiantza baldin badugu, bigarren legealdia oso probetxugarria izango zaigu. Ilusio horrek hautagaitza onartzera eraman nau».