Igoera faseko derbia, Lagun Onak eta Anaitasunaren artean

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 21a, 13:40
Anaitasuna eta Eibarren arteko partidako irudia. (Argazkia: Nagore Orbea)

Lagun Onakek eta Anaitasunak Senior Nesken mailako derbia jokatuko dute datorren igandean, Azpeitiko Garmendipe zelaian. 18:00etan hasiko da azpeitiarren eta gorrixen arteko neurketa.

 

Anaitasunako neskak maila bikaina ari dira ematen aurtengo denboraldian. Lehen fasean jokatu zituzten hamabi neurketetatik bederatzi irabazi zituzten Joxepe Santizo entrenatzailearen neskek, eta hiru berdindu.

Sailkapen fase horretan lortutako 30 puntuen ondorioz, Igoera Fasera sailkatu ziren azkoitiarrak. Sei partida daramatzate jokatuta, eta Anaitasunak sei partidak irabazi ditu, guztira 24 gol egin eta lau jasota.

Datu horiei esker, gorrixek liderrak dira sailkapenean. Eibar taldearekin puntutan berdinduta —18 puntu— dira sailkapenean azkoitiarrak. Lagun Onak, bestalde, sailkapeneko zazpigarren postuan da. Bi partida irabazi, bat berdindu eta hiru galdu dituzte azpeitiarrek Emakumezkoen Euskal Ligara igotzeko fasean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide