Udalak Gaztaneneako parkean eraikiko du parke estalia

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 16a, 09:33

Hainbat alternatiba aztertu eta baztertu ostean, Udalak parke estalia Gaztaneneako parkean eraikitzea erabaki du, Gamundi Etxearen ondoan eta egungo taxi geltoki parean, hain justu. Aztertutako aukeren artean, gune hori da «baldintzarik hoberenak eskaintzen dituena estalitako jolas gune bat jartzeko, tamainagatik eta kokapenagatik».

 

Gainera, eraikitzen den parke estalia eta egun Gaztanenean dagoen aire libreko parkea «osagarri bihurtuko dira, oraingoa bere horretan mantenduko baita», dio Udalak.

Parke berriak Gamundi Etxearen murru ondoko berdegunea hartuko du eta baita belardiaren ondoko lurzoruaren zati bat ere, zehazki, orain eserlekuak dauden punturaino gutxi gora-behera. Hasierako planteamenduaren arabera, parke estaliak 28x13,6m-ko neurriekin, 380 metro karratuko azalera izango du eta 6,20 metroko altuera. Edonola ere, «planteamendu horrek aldaketak jasan ditzake, behin betiko proiektuan jasoko baitira zuzen xehetasunak». Oraingoz, Udalak argi duena kokapena da.

Non eraiki erabakita, hurrengo urratsa lanak lizitatzea izango da. Proiektua exekutatzeko Udalak 150.000 euroko partida jarrita du, erakusketa publikoan egon ostean, behin betikoz urtarrilaren 29an onartu diren 2018ko aurrekontu orokorretan.

«Parke estalia eskaera handienetarikoa duen proiektua da herritarren aldetik. Egitera konprometitu ginen, baina egia da orain arte presazko esku-hartzea eskatzen zuten beste behar batzuei eman diegula lehentasuna. Gainera, hainbat arrazoi tarteko, kosta egin zaigu kokapen egokiena zehaztea. Baina parke estaliari iritsi zaio bere txanda eta aurten izango dugu», dio Javier Zubizarreta alkateak.

Hirigintza sailetik orain arte egin dena herriguneko 18 parkeen egoera aztertzea izan da. Gehienak homologatu dira eta falta direnetan, hobekuntzak martxan daude eta aurten bukatuko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide