Lurdes Imaz: «Onespena eman nahi zaio hezkuntza eredu neoliberalari»

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 14a, 15:25

Hezkuntza legea osatzeko proposatu duen dokumentuarekin, Eusko Jaurlaritzak «adostasun faltsua» agertu nahi du; hala uste du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek (Azkoitia, 1973). «Garrantzitsuak diren gaiak ez daude mahai gainean. Eragileok printzipioz ados egon gintezkeen gaiak planteatu ditu sailburuak».

 

Ez duzue parte hartu akordioa osatzeko prozesuan. Zergatik?

Hezkuntza sistemarentzat garrantzitsuak diren gaiak falta dira. Horrez gainera, ikusi genuen prozesuak aukera gutxi ematen dituela parte hartzeko. Lehenengo fasean, gobernuak berak erabaki du mahai horietan nork hartuko duen parte. Ez da inongo aukerarik egon eragileek proposamenak egiteko. Eta, orain, hamabost egun bakarrik daude hezkuntza eragileok eta gizarteak parte hartzeko. Beraz, guk ez dugu parte hartu lehen fase horretan. Orain jaso dugu dokumentua. Gainetik begiratu dugu, baina baieztatu egiten du hasieran esan genuena.

Zein dira eduki horiek?

Ez dago hezkuntza sistemaren definiziorik. Ez da definitzen zer rol izango duen eskola publikoak eta zein pribatuak. Hori da gairik garrantzitsuenetako bat. Horregatik, gu oso kritikoak gara dokumentuarekin. Gainera, hor agertzen diren neurri asko orain bete behar dira, egungo legediarekin. Adibidez, esaten du ikastetxeek autonomia izan behar dutela, baina Eskola Publikoaren Legeak dagoeneko aitortzen digu autonomia. Orain arte ez da egon borondate politikorik hori betetzeko. Orain akordio bat behar da 1993ko legeak aspalditik esaten duena betetzeko? Ez, legea bete egin behar da, eta kito.

Ikastetxe pribatuek erabateko autonomia dute. Dokumentuak esaten du ikastetxe pribatuek ardura partekatua dutela, eskola publikoarekin batera. Baina hori ere legeak esaten du jada: diru laguntza publikoak jasotzeko baldintzetako bat da hori, eta, ez baduzu betetzen, kendu egin behar dizute laguntza hori. Baina ez da betetzen legea. Ez dauka zentzurik legeak esaten duena betetzeko beste lege bat egin beharrak. Ikastetxe pribatu batzuk baldin badaude ez dutenak aniztasuna errespetatzen, kendu laguntza. Eta horretarako ez da behar akordio bat.

BERRIAn argitaratutako elkarrizketa. Irakurri osorik, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide