Kale Nagusia 4. zenbakiko eraikina botako dute, 'hondamendi egoeran dagoelako'

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 8a, 16:30

Udala gaur, osteguna, bildu da Kale Nagusia 2. zenbakiko bizilagunekin, aste honetan idatzi bat aurkeztu dutelako aurreneko aldiz udaletxean. Bizilagunek kale horretako 4. zenbakiko eraikinaren egoeraren inguruko kezka agertzeko aurkeztu zuten gutuna.

 

Udalak jakinarazi duenez, alde biek 'ondo eta pozik' eman diote amaiera bilerari. Izan ere, Javier Zubizarreta alkateak jakinarazi die Eusko Jaurlaritzak herenegun, otsailaren 6ko Gobernu Kontseiluan, onartu zuela etxe horren desafektazioa. 

Desafektazioa indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen denean. Behin argitaratuta, etxejabeek eraikina botatzeko proiektua beharko dute, eta nahi duten enpresari lanak esleitzeko eskumena izango dute.

Eraikin hori pribatua da, eta orain arte babestuta egon da Kultura Ondasun gisa izendatuta zegoelako, Azkoitiko Hirigune Historikoa Monumento Multzo izendapenarekin batera. Horregatik, Udalak ez zuen eskumenik eraikin hori botatzeko. Horrelakoetan, beharrezkoa da aurretik Euskadiko Ondare Arkitektoniko Momumentalaren Aholku Batzordeak etxea desafektatzea  –babesa kentzea – hondamendi egoeran daudela aitortu ostean.

Udalak azaldu du 'uneoro etxejabeen eskutik' joan direla, eta '2016aren amaierarako tramite guztiak eginak' zituela, eraikina hondamendi egoeran deklaratu eta desafektazioa aurrera eramateko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako txosten teknikoak ontzat eman ostean, 'desafektazio prozesua hastea erabaki zuen eta horrela argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2017ko urriaren 9an', argitu du Udalak.

Prozesu hori guztia aurrera eraman bitartean, Udalak hainbat neurri hartu behar izan dituela azaldu du, 'segurtasuna bermatzeko eraikinaren egoerak okerrera egin duelako denborarekin. Esaterako, Kale Nagusia 2ko bizilagunei terrazara ateratzea debekatu zitzaien eta 4 zenbakiko etxearen atzealdeko fatxadaren orri bat bota zen. Esan behar da eraikin osoa ez dagoela babestuta, aurrealdea bakarrik', gaineratu du Udalak.

Halaber, Udalak ibai aldeko zonaldea itxi eta seinaleztatu egin zuen. Ur Kontsortzioak ere bertatik igarotzen den hornitze hoditeria indartu behar izan zuen zementuarekin prebentzio modura.

Udalak Kale Nagusia 4. zenbakiko jabeei eskatu die 'prest izateko eraisketa proiektua, behin desafektazioa indarrean sartzen denean, lehenbailehen eraikina bota ahal izateko. Denbora laburreko kontua izango da', dio Udalak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide