maxixatzen.eus

Non dago gorputza eskolan?

  Hezkuntza  Azkoitia

Ez gara bakarrik buru, gorputza ere bagara, baina burmuina lantzeari eskaintzen zaio ahalegin gehien eskolan. Zein presentzia eta zein leku du gorputzak hezkuntzan? Nola landu berau? Nola eragiten du ikasleen gorputzetan ikastetxeetako espazioen antolaketak? Zein modutan bizi dituzte ikasleek gorputzeko aldaketak? Irakasleek aintzat hartzen al dute eurak ere gorputz direla, gorputz batetik ari direla?... Garatzen ari diren gorputz anitzez eta biziez betetako ikasgelak ditugula sinetsita, galdera ugari planteatu dizkie Argiako Mikel Garcia kazetariak lau mahaikideei. Horietako bat da Luis Larrañaga Pizti (Azkoitia, 1965):

Non dago gorputza eskolan?
Ezker-eskuin: Eider Salegi, Maider Urrutia, Amaia Navascues eta Luis Larrañaga (Argazkiak: Dani Blanco) | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Gorputz Hezkuntzako espezialitatean Magisteritzan diplomatua eta Ekologia emozionalean masterduna da Larrañaga. Hogei urte daramatza hezkuntzan: Tuterako Argia ikastolan hamar urte egin zituen irakasle eta duela sei urtetik Donostiako Jakintza ikastolan ari da. Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldean (SOHAT) hartzen du parte eta Gorputz Hezkuntzan euskaraz egindako lehen programazio bateratuaren proiektuko kidea ere bada.

 

Edukiei eta adimenari asko begiratzen die eskolak, gutxiago gorputzari. Kontziente al gara, ikasgelan buruez gain gorputzak ere badaudela?

Gorputz Hezkuntza ikasgaiaren ikuspegitik, guk ez ditugu gorputzak hezten edo mugimenduan soilik trebatzen, ez gara entrenatzaile hutsak, ikaslea osotasunean hartzen eta hezten dugu. Ikaslea ez baitzaigu etortzen gorputz batekin bakarrik, etortzen zaigu aurre-esperientzia batzuekin, motibazio eta emozio batzuekin… eta hori guztia hartzen dugu aintzat: alderdi kognitiboa, emozionala, erlazionala… eta noski, alderdi fisikoa ere bai. Gorputz Hezkuntzatik kanpo, eskolan gorputzari denbora gehiago dedikatu beharko litzaiokeela? Bai, jakina, inongo zalantzarik gabe.

Ados, gorputza landu behar du eskolak. Zer esan nahi du gorputza lantzeak?

Gorputz Hezkuntzaren ikuspegitik, ikasleari bere gorputza ezagutzen laguntzea da gakoa. Ikaslea bere gorputzaren nortasuna eta kontzientzia hartzen joaten da, eta bereganatzen doan heinean, besteena ere ezagutzen doa; ezagutzen doa ingurune bat, eta hor bizitzen ikasten du. Ezagutza horiek sailkatu egiten ditugu: jarduera batzuk bakarka landuko ditu ikasleak, beste batzuk buruz buru aritzekoak dira, beste hainbat gainerakoekin lankidetzan aritzekoak… Ziurgabetasun eremuetan ere trebatzen ditugu, eta jarduerak antolatzen ditugu gorputzaren bidez sormena lantzeko, gorputz-adierazpena sustatzeko eta zentzu estetikoa garatzeko (mugimenduari ematen diogun zentzu estetikoa, alegia).

Buru eta gorputz, dena bat garen neurrian, eduki intelektualak barneratzeko garaian nola eragiten du gorputzak?

Neurozientziaren arloko azkeneko ikerketek ere gero eta gehiago azpimarratzen dute mugitzeari denbora eskaintzeak garrantzi handia duela eduki intelektualak hobeto barneratzeko orduan.

Mugimenduaz ari garenez, ikasle mugituak ala mugimenduan gabeziak dituzten ikasleak iristen zaizkizu Gorputz Hezkuntzako ikasgaira, Luis?

Eskolan bakarrik ez, gizartean oro har umeek gero eta aukera gutxiago dute jolasteko, libreki eta euren kabuz, gainera dena antolatuta ematen zaielako, eta horren erruz oinarrizko bizipen eta ezagutzak galtzen dituzte. Ikasleek mugimendu behar hori ez dute aseta. Batzuek eskolaz kanpoko ekintzak egingo dituzte, baina egunero ikastetxean ordu ugari pasatzea eta ordu horietako gehienak eserita egotea ez da egokia, batez ere adin horietan. Etxean gainera telebista aurrean, bideo-kontsolan edo antzeko jolas sedentarioetan emango badituzte orduak, horrek ere ez du laguntzen. Gorputza berez prestatuta dago mugimendurako, ez orduak eta orduak eserita egoteko, eta horrek ondorioak ekartzen ditu.

Hain zuzen, ikastetxeetako espazioen antolaketak eta egiturek zerikusi handia dute. Nolako gorputzak/pertsonak ari gara hezten?

Nik esan ohi dut hezkuntzan aldaketak egitea dela elefante bati bultzaka aritzea bezala; zerbait aurreratzen da, baina poliki-poliki. Konfiantzaren Pedagogia delakoaren baitan adibidez hasi dira ikastetxeetan paretak botatzen, haurrak desplazamendu librea behar duela ulertuta; batzuk beraz iritsi dira hausnarketa hauetara. Espero dut planteamendua Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara ere eramatea, eta zaharragoen artean ziurrenik betiko talkak aurkituko ditugu. Batxilergoko bigarren mailan esaterako, Gorputz Hezkuntza ikasgaia zuzenean kendu egin dute, eta ez dago horretarako inongo justifikaziorik gainera. Gobernuek hezkuntzan dituzten interesak badakigu zeintzuk diren, ebaluaketa ospetsuetako rankingetan goian azaltzea dute helburu, eta ikastetxetan lan egiten dugunok ez gaude ranking horietara begira, ikasleen garapenean zentratuta baizik.

Gorputz indibidualetatik harago, elkarreraginaz hitz egiten du Mari Luz Esteban antropologoak, “gorputzartekotasunaz”. Ikastaldeak eta nik besteekin eta besteek nirekin duten harreman sareak duen garrantziaz, ikas prozesuan.

Gorputz Hezkuntzan egiten diren jarduerek asko dute elkarrenganako harremanetik, eta gero eta gehiago zaintzen dugu harreman horiek egoki garatu daitezen. Eskola inklusiboa izan nahi badugu, diskurtsotik harago egunerokoan aplikatu egin behar dugu, nahiz eta batzuetan ez den batere erraza. Zailtasun motorrak dituzten ikasleak ditugu eta kasu horietan abantailak ematen dizkiegu, objektuen edo espazioaren erabileran; edo alderantziz, trebezia handiak dituztenei zailtasunak gehitzen dizkiegu, bakoitza bere mailan gara dadin, baina lehia tartean baldin badago, ikasle batzuek ez dute hori ulertzen. Baldintza berdinak nahi dituzte, klub batean ariko balira bezala, eta gure lana da transmititzea ez garela klub bat, denok daukagula eskubidea garatzeko eta ikasteko, eta horretara iristen garenean, gero saioak askoz hobeto joaten dira.

Ikasleek bakarrik ez, irakasleek ere euren gorputza lantzea funtsezkoa dela aipatu duzu, Eider. Irakasle izango direnak formatzen dituzu, gainera. Klasera iristen zaizkizun irakaslegaiak kontziente al dira, haiek ere gorputz direla eta gorputz batetik hitz egingo dietela ikasleei?

Gaur egun oraindik Gorputz Hezkuntzako irakasle titulua ez duten tutoreak aritzen dira ikasgaia ematen hainbat ikastetxetan, legez irakasle espezialista batek eman behar duen arren. Horri eta Eiderrek esan duenari lotuta azpimarratu nahi dudana da zuk zerbait transmititzeko zuk hori maitatu egin behar duzula. Ez duzu transmitituko ez duzun zerbait, ezin duzu eskatu zuk ematen ez baduzu. Eta tutore horri iruditzen bazaio Gorputz Hezkuntza dela beste arlo “garrantzitsuagoetatik” liberatzeko jolas-orduaren luzapena, gaizki gabiltza. Irakasle espezialista jarri ordez, beste arloekin gertatzen ez dena gertatzen da Gorputz Hezkuntzan, eta hori hala da Gorputz Hezkuntza neurri batean gutxiago baloratzen dugulako. Baina ikaslearen garapenaren kalterako da.

Gorputz Hezkuntza gutxi baloratzen dela diozu, Luis. Nahikoa denbora eskaintzen al zaio?

Ordutegi aldetik, garbi dago ez dela nahikoa, eta proposamenak ere egin ditugu, ordutegi orekatu baten alde, baina zeinek diseinatzen du curriculuma? Guk aurten lortu dugu Heziberrin [Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza planean] konpetentzia motorra onartzea oinarrizko konpetentzia bezala, baina gero hori ez bada behar bezala elikatzen ikastetxeetan eta tutoreek jarraitzen badute hala moduz ematen, ibilbide motza egin dugu. Gainera, Hezkuntza sailaren gainetik, gaur egun ELGEk berak [Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak] gomendioak ematen ditu ikasleak zertan trebatu behar ditugun eta zer den garrantzitsua esanez; ez da hezkuntza erakunde bat hezkuntzari buruzko gidalerroak ematen dituena. Osasun Mundu Erakundeak dio ikasle batek egunero 60 minutuz egin beharko lukeela ariketa fisikoa eskolan, baina Lehen Hezkuntzan adibidez ordu eta erdi edo bi ordu ematen dira astean eta 55 minutuko bi saiorekin ez zoaz inora, desplazamendua, materiala prestatu, higiene kontuak… tarteko. Paper gainean ateratzen dira kontuak, baina egunerokoan dabilenak badaki ez dela erreala eta denbora gutxiegi dela konpetentzia motorra behar bezala bereganatzeko.

Ikaslearen garapen osoa bilatzeko bidean, ezinbesteko tresna da konpetentzia motorra garatzea, ez etorkizunean eliteko kirolaria izateko, ikasle gehienek ez baitute bide hori hautatuko, bizi kalitate hobea izateko baizik, eta inportantea da hori aitortzea, aitortzen zaion bezala matematika ikasgaiari bere helburua dela pertsonaren garapenerako lagungarri izatea, ez gero matematikari bihurtzea, edo berdin hizkuntzak ikasteari, helburua ez baita gero filologo izatea.

Eta garai batean bezala, kirolari lotuta jarraitzen du Gorputz Hezkuntzak ala gorputzaren beste dimentsioek leku handiagoa hartu dute ikasgai honen barruan?

Lanketa hori ere Hezkuntza Sailetik kanpo egin behar izan dugu, Sohat (Soin Heziketaren Aldeko Taldea) eta ikasgaiko mintegien bidez. Hainbat irakasle elkartu eta Lehen Hezkuntzako programazio osoa berregiten ari gara, unitate didaktiko guztiak diseinatzen, lehen aipatu ditudan helburu eta ekintzetan oinarrituta. Irakasleak eskuragai ditu webean eskegita unitate didaktikoak. Horrez gain, metodologikoki ere aldaketa handia egin dugu: lehen irakaslea zen orojakilea, berak transmititzen zuen ezagutza guztia, eta gaur egun beste ikuspegi batetik egiten dugu lan, ikasleak ere baduelako bere ezagutza eta hori ateratzen lagundu behar diogu, adibidez egiten ari garen jolasa edo ariketa gelditu eta hausnarketarako tarte bat eskainiz. Eta emaitza automatikoa da: erronka bat jarri eta agian ez dira helburua lortzen ari, ba ariketa gelditu, haiei galdera pare bat egin eta proposamenak egiten hasten dira; gero hori praktikara eraman eta helburua lortzen dute.

Eta bai, kiroletik harago doan Gorputz Hezkuntza nahi dugu. Saioak esaterako beti berdin hasten ditut: borobila eginez esertzen gara denak eta hogei bat emozio idatzita dituzten fitxak eskura dituzte ikasleek. Saioa hasterako bakoitzak bat jartzen du aurrean (edo emozio bat baino gehiago, batzuetan) eta begirada batekin badakizu zein den taldeko giroa. Ikasle batek “antsietatea” hartu badu, bazter hartu eta berarekin hitz egin dezakezu. Bestalde, gorputz-adierazpenari izugarrizko garrantzia ematen diogu. Lehen irakasle bakoitzaren borondatearen arabera eskaintzen zen, baina gaur egun ikastetxe gehienetan lantzen da eta gero jendaurrera eraman ohi da emaitza. Nik seigarren mailakoekin (11-12 urte) antzerki proiektu bat lantzen dut, eta eskolan egiteaz gain, beste ikastetxe batean ere errepikatzen dute emanaldia. Edo dantza jorratzen dutenek koreografia bat sortzen dute taldean…

Ikasle askok eskertu egiten dute programazioa hain anitza izatea, taldeko kiroletan gaitasun gutxiago dutenak deseroso sentitu daitezkeelako, baina badakite gero beste proiektu bat etorriko dela atzetik. Eta gainera hori da gure egitekoa: abaniko anitza eskaintzea, etorkizunean helduaroan aukeratu ditzaten bizpahiru jarduera eta horiek txertatu ditzaten euren bizi-ohituretan, bizi kalitate hobea lortzeko.

Eskolan gorputzaren lanketak transbertsala behar lukeela esan dugu, baina ba al da harremanik Gorputz Hezkuntzaren eta beste ikasgaien artean?

Gorputz Hezkuntzaren altxor handienetakoa da zuzenean teoria aplikatu eta praktikara eramaten dugula: orientazioa edo egoera fisikoa lantzen baditugu, angeluak, denbora, distantzia neurtuko ditugu, eta polita litzateke adibidez matematikako ikasgaiarekin elkarlanean proiektua egitea, ikasle bakoitzaren denborak eta garapenak hartu eta grafikoak eta abar egitea, baina jendea oso lotuta dago testu-liburura, eta hortik oso gutxi ateratzeko prest daude.

Nerabezaroa bezalako garaietan, aldaketa handiak bizi ditu gorputzak eta ohikoagoak dira lotsak, beldurrak, ziurgabetasunak… Lantzen al da hori guztia?

Konplexuen aurrean, batzuk ezkutatzen ahalegintzen dira, beste batzuek aukera ematen dute gaia jorratzeko eta hainbatekin zailagoa zaigu. Egia da aldaketa garaia izan ohi dela eta nahiz eta guk esku hartu, loditasun kasuetan adibidez nahiko gaizki pasatzen dutela batzuek, sarri ingurukoek ere hitz itsusiak esaten dizkietelako. Bonbardatzen gaituzten estereotipoetatik kanpo dagoen ikasleari kosta egiten zaio bere gorputzean ongi sentitzea.

Estereotipo horiek ezberdinak dira mutil eta neskentzat; ezberdina da gorputz batzuei eta besteei eskatzen zaiena.

Guk adibidez seigarren mailakoekin antzezlan berezia egiten dugu Gorputz Hezkuntzan, ikasgaian bertan (partidetan, ariketetan…) ematen diren komentarioak eta egoerak biltzen dituena, eta neskek mutilen rola antzezten dute eta alderantziz. Helburua da enpatia bidez bestearen lekuan kokatzea eta ikustea zer bizi duten batzuek eta besteek. Estereotipo, bazterkeria, loditasun… kasuak biltzen ditu antzezlanak. Baina lehen esandakoa, gu iristen gara iristen garen lekura, eta agian gazte hori Anoetara joango da partidu bat ikustera eta bertan behera geratuko da egindako guztia.

Antzezlanaren gidoian, ikasleek eurek aipatzen duten esaldietako bat da gurasoek mutilei exijitzen dietela kiroletan ona izatea, eta neskei nota onak ateratzea. Horrelako sinesmenak dituzte…

Artikulu hau Argiaren Larrun aldizkarian argitaratu da eta duen CC lizentza baliatuta ekarri dugu MAXIXATZENera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa