Azkoitiko PSE-EE alderdiak sexu erasoen aurkako 'app' bat ezartzeko eskatu du

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 6a, 18:22
Janire Igoa bozeramaile sozialista.

PSE-EE alderdiak sexu erasoei aurre egiteko dagoen mugikorretarako aplikazioa Azkoitian ezartzeko eskatu du. Mozioa otsaileko Udal Osoko Bilkuran aztertuko da, eta 'app' hori garatzeko Eudelekin koordinatuta lan egitea proposatu du.


Igoak azaldu duenez, «joan den urtean sexu eraso bat gertatu zen ustez andramaixetan, eta gure herrian beste edozein emakumek horrelako egoerarik ez jasatea lortu behar dugu. Emakumeek jasaten dituzten erasoak geldiarazteko jardun beharra dago, eta horrek erabateko lehentasuna izan behar du guztiontzat, baita gure ekintza publikoaren barruko jardun nagusien xede ere. Ildo horretan, eremu guztietan jardun beharra dago, gure lurraldeko emakume eta nesken segurtasuna bermatu ahal izan dadin, gure betebeharra da hori, eta emakumeak eta neskak gure lurralde eta udalerrietako kaleetan askatasun osoz eta beldurrik sentitu gabe bizi daitezen».

Honako hau izango da PSE-EE alderdiak aurkeztuko duen mozioa:

 

SEXU ERASOEN AURKAKO APP BAT SORTZEKO MOZIOA

Justifikazioa

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Emakundek argitaratu dituzten eta eskuragarri dauden datuen arabera eta behin betiko datuak itxi bitartean egiazta daitekeenez, nabarmen egin du gora sexu erasoengatiko salaketen eta arrazoi beragatik epailearen esku geratu diren pertsonen kopuruak. 2017ko lehen bederatzi hilabeteetako datuak 2016ko aldi bereko datuekin alderatuz gero, igoera % 36,36ra iritsi dela ikusiko dugu. Hortaz, Euskadin bi egunean behin salatzen da sexu eraso bat.

Horrek guztiak kezkatu egin behar gaitu, eta administrazio publikoek eta, oro har, gizarteak erantzun egin behar dute. Emakumeek jasaten dituzten erasoak geldiarazteko jardun beharra dago, eta horrek erabateko lehentasuna izan behar du guztiontzat, baita gure ekintza publikoaren barruko jardun nagusien xede ere. Ildo horretan, eremu guztietan jardun beharra dago, gure lurraldeko emakume eta nesken segurtasuna bermatu ahal izan dadin eta emakumeak eta neskak gure lurralde eta udalerrietako kaleetan askatasun osoz eta beldurrik sentitu gabe ibili ahal izan daitezen.

Duela gutxi, hainbat ekimen jarri dira abian Euskadiko herri batzuetan. Haien artean, azpimarragarria iruditu zaigu mugikorretarako app baten bidez teknologia berriak aplikatzeko aukera bat. Emakumeek indarkeria matxistari aurrea hartzeko neurri gisa pentsatuta dago, baina lapurretei aurrea hartzeko eta aisia-gauetan neska nerabeen segurtasuna areagotzeko ere balio dezake. Izan ere, neska nerabeek mutilen segurtasun-maila bera izan behar dute kalean ibiltzen direnean.

Ezarri zenetik, ekimen horrek oso eragin positiboa izan du herritarrengan, eta EUDELera iritsi da, euskal udal guztietan aplika dadin.

Hori guztia dela eta, ahaleginak batzeko eta sexu erasoei hobeto aurre egiteko, honako mozio hau aurkeztu dugu:

MOZIOA:

Azkoitiko Udalak konpromisoa hartzen du EUDELekin koordinatuta gure udalerrian sexu erasoen aurkako aplikazioa (APP) ezartzeko, era horretan sexu eraso oro denbora errealean salatu ahal izan dadin, eraginkortasun handiagoarekin eta bizkorrago jardun ahal izan dadin, eta, horri esker, horrelako delituak saihestu ahal izan daitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide