'Txarriboda' obra antzeztuko du Iñigo Aranbarri aktoreak

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 19a, 09:43
Erdian, Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra. | Hika Teatroa.

Agurtzane Intxaurragak zuzendutako lana da 'Txarriboda', eta Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartuko du, Imanol senargai eta Iña pertsonaiak antzezten. Hika teatroak ekoitzitako azken obra hori ezkontza festa da: «Parranda. Itxurakeria. Pozik ez egotea ezinezkoa den egun berezia. Egun horretan guztiok bihurtzen gara aberatsak ez ezik, erromantiko itsu. Txerri hipokritak, izugarrizko Txarriboda baten protagonista». Bihar, zapatua, estreinatuko dute lana, Errenteriako Kulturgunean, 20:00etan.

 

'Txarriboda'

Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irudi dira. Ezkondu egin dira gaur eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi-mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. –“Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!” Hitz horiekin egingo die harrera gonbidatuei. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gaindu ahal izateko. Baina ezuste hau beste askoren hasiera besterik ez da izango eta ezkontza behar zuenak, Txarriboda izaten amaituko du.

 ELKARRIZKETA beheko loturan:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide