Odei Arregi ipuin kontalaria izango da ostegunean mintzalagunekin

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 16a, 09:22
Odei Arregi.

Odei Arregi ipuin kontalari azkoitiarra izango da ostegun honetan, hilaren 18an, mintzalagunekin. Arregik kale antzerkian eskarmentu handiagoa badu ere, hiru urte daramatza ipuin kontaketan. Orain arte haurrekin aritu da eta ostegunekoa helduekin egingo duen lehen saioa izango da. Umeekin txontxongiloak eta beste hainbat elementu erabiltzen baditu ere, oraingoan papiroflexia bidez eginiko ipuina kontatuko du.

 

Ipuin kontalariarekin hitzordua ostegunean, Elkarguneko Zeharkako gelan  izango da, arratsaldeko 18:00etan. Eta ipuin kontaketa amaitutakoan, 19:00etan, mintzalagunak Aita Madinabeitia plazan elkartuko dira pintxo-potea egiteko. Plan borobila beraz aisialdia eta euskararen erabilera uztartzeko.

Mintzalaguna AEK-k eta Udalak elkarlanean garatzen duten egitasmoa da, euskara hobetu nahi duten euskaldun berriak eta euskara hobetzen lagunduko dien euskaldun zaharrak elkartuz. Zazpigarren edizioa da oraingoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide