'Bullying'-a gai hartuta egingo dute aurtengo Guraso Eskola

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 15a, 18:11
Guraso Eskolak iaz harrera ona izan zuela-eta, aurten ekimena errepikatzea erabaki da.

Ongizate eta Gazteria sailek elkarlanean, Guraso Eskolaren edizio berri bat antolatu dute, «seme-alabak hezitzeak suposatzen duen lan zailean orientabideak eman eta laguntzeko asmoz». Oraingoan, bullyinga izango da gai nagusia. Eta horri lotuta, teknologia berrien bidezko erasoak edo ziberjazarpena ere jorratuko dira saioetan.

 

Urtarrilaren 18an, ostegunean, izango da lehen hitzaldia ziberjazarpenari buruz, Ziberjazarpena teknologia berrien bidez, adin berekoen arteko erasoa izenburupean. Elkargunean izango da 18:30ean eta irekia da interesa duen ororentzat. Egitarauaren baitan, bigarren hitzaldi bat emango da, urtarrilaren 25ean: Bitartekaritza parental positiboa aurrera eramateko gakoak. Azken hori ere Elkargunean izango da, 18:30ean.

Ondoren, taldekako saioetan, bullyingaren eta ziberjazarpenaren prebentzioa jorratuko da bereziki, gaian aditu direnekin. Familia, mugak eta komunikazioa nerabeekin, eta abar ere mahaigaineratuko diren gaiak dira.

Guztira sei saio egingo dira otsailaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an eta martxoaren 1ean eta 8an. Alegia, ostegunetan. Saioak Elkargunean izango dira 15:15etik 16:45era.

Saioak doakoak dira eta udaletxeko Ongizate sailean eman behar da aurrez izena. Izen-emate epea urtarrilaren 31n itxiko da. Zalantzak argitzeko deitu 943 85 71 74 telefonora.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide